Brigiden kongregazioko mojak itzuli dira Santa Kutz komentura

Andoni Elduaien 2022ko ots. 3a, 08:45

Azkoitiko Santa Kutz komentua.

Egun, nazioarteko sei moja bizi dira Santa Kutz komentuan. Abenduan iritsi ziren elkarteko kideak, eta komentua harrera gunea izan dadin, hainbat lan egingo dituzte han.

Brigiden kongregazioko klausurako mojak Santa Kutz komentuan bizi izan dira 1691. urteaz geroztik, baina 2018ko urrian komentua hustu eta han bizi ziren mojak beste herri batzuetara lekualdatu zituzten. Hiru urte eta erdiren ondoren, mojak itzuli dira Santa Kutzera. Donostiako Elizbarrutiak Maxixatzen.eus-i jakinarazitakoaren arabera, berriz ere Brigiden kongregazioko mojak bizi dira Azkoitiko komentuan.

Andre Mariaren sortze garbia egunean, abenduaren 8an, egin zuten meza Santa Kutzen, eta orduan hasi ziren elkarte berriko kideak ofizialki han bizitzen. Nazioarteko elkarte bateko mojak etorri dira Azkoitira, baina "bizitza aktiboa" duten mojak dira; hots, ez dira klausurakoak. Klausurako uneak eta lekuak badituzten arren, hezkuntza munduan eta ospitaleetan pastoraltza lanak egin ohi dituzten mojak dira herrira iritsi direnak.

Egun, zehazki, sei moja bizi dira Santa Kutzen, "gehienak gazteak": hiru indiar, bi mexikar eta vietnamdar bat. Hala eta guztiz ere, mojak komentuan "elkartzen" ari direla azaldu du Donostiako Elizbarrutiak, eta aurrerago "posible da" moja gehiago Santa Kutz auzoko lekaidetxera destinatzea. "Bizitza aktiboa duten mojak direnez, normala da hori".

Asmo berriekin iritsi dira mojak Azkoitira. Santa Kutz komentua parrokiko taldeentzat harrera lekua izatea nahi dute, baina horretarako hainbat lan egin beharko dituzte aurten komentuan. Eraikinean obrak egin beharko dituztela azaldu du elizbarrutiak, eta "luzerako kontua" izango dela aurreratu dute. Momentuan mojak "elkartzeko bideak" ireki dituzte soilik. Asteazkenetan izan ezik, egunero mezak egiten dituzte Santa Kutzen, 11:00etan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide