Otsailaren 19an, Porno vs Afrodita (edo I love #gorkaurbizu) ikuskizuna eskainiko du Benetan be konpainiak Baztartxo antzokian. 19:00etan izango da ikuskizunaren emanaldia herriko antzokian, eta dagoeneko eskuratu daitezke sarrerak. Entradium atarian eskuratu daitezke ikuskizunerako sarrerak, 8 euroren truke.
Porno vs Afrodita (edo I love #gorkaurbizu) ikuskizuna publiko gazteari eta ez hain gazteari zuzendutako ikuskizuna da. Obraren asmoa da pertsonen ezintasunak, asegabetasunak eta gainerako inbidia sexualak eta afektiboak elkarrekin partekatzea eta horiei guztiei barre egitea. Horretarako, zuzeneko musikaz bustitako komedia zoroa aurkeztuko du Benetan be konpainiak.
Azken gaua Gaztetxean; izan ere, ixtera doa Gaztetxea. Gazteak zahartu egin dira, eta Gaztetxean ez dago erreleboa hartuko duen inor. Taldearentzako azken kontzertua ere bada. Seme-alabak, lana, nekea... garai txarrak lirikarako. Soinu-probak aurrera egin ahala, zentzumenen aurrean zuzeneko bideoklip bat aurkeztuko dute; azken finean, taldeko kideen eta beraiekin doazen gazte eta haurren pasioen, bulkaden eta galderen argazki musikal bat. Eta guztia, Porno eta Afrodita jainkoen begirada apetatsuaren pean egingo dute.