Lehendakarigai baten gorabeherak, agertokira

Andoni Elduaien 2022ko ots. 1a, 13:33

Sonia Vazquez eta Iker Galartza, udaletxean.

Larunbatean aurkeztuko dute Lehendakari gaia antzezlana Baztartxo antzokian, 19:00etan. Lehendakaritzara bidean den hautagai baten gorabeherak antzeztuko dituzte Iker Galartzak eta Zuhaitz Gurrutxagak Azkoitian. Antzezlana ikusteko sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke, 8 euroan.

Txalo Produkzioak konpainiak Lehendakari gaia antzezlana ekarriko du aste honetan Urola Kosta eskualdera. Larunbatean, 19:00etan, Azkoitiko Baztartxo antzokian izango dira Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreak. Asteburuan herrian arituko direnez, gaur, asteartea, udaletxean aurkeztu dute obra Sonia Vazquez Kultura zinegotziak eta Galartza aktoreak.

Begoña Bilbaok zuzentzen duen obran lehendakarigaiaren papera du amezketarrak. 2021eko uda baino lehen eskaini zien konpainiak Lehendakari gaia antzezlana Galartzari eta Gurrutxagari. "Txalo Produkzioak zain zegoen, obra hau egin nahi baitzuen. Nik, ordea, obrak irakurri egin nahi izaten ditut baiezkoa eman aurretik. Pixka bat itxaroteko erantzun genien, gauzak egonkortu arte; batetik, pandemiagatik, eta bestetik, Gure Zirkuak ere martxa hartzea nahi genuelako. Halere, antzezlana martxan jartzeko urte egokia zela iruditu zaigu aurtengoa".

Galartzak obra irakurri bezain laster eman zion baiezkoa konpainiari. "Gogo handia nuen antzerkia egiteko, eta bereziki antzerkia komediaren klabean egiteko. Azken finean, jendeak gozatuko zuen zerbait behar nuen. Disfrutatu egin nuen obra irakurtzen, ikusi bainuen aukera asko eskaintzen zituela. Baiezkoa eman nien, eta irailean hasi nintzen ikasten". Entseguen prozesua abiatu zuten gero Gurrutxagak eta biek: "Elkarrekin inoiz lan egin gabe geunden. Hura animatu zela ikusita, lehenbailehen hasi ginen prestatzen". Amezketako aktoreak azpimarratu du entsegu gehien behar izan dituen obra izan dela Lehendakari gaia. "Testua ondo ikasita dagoen obretan nahikoa izaten ditut 20-25 entsegu. Antzezlan honekin, ordea, hilabete eta erdian aritu gara, testu asko duelako eta biok bakarrik garelako".

Duela hiru aste estreinatu zuten obra Galartzak eta Gurrutxagak, eta amezketarrak aitortu du publikoaren erantzuna ona izan dela. "Sekula ez dut horren ondo eraman antzezlan bat eszenatokira. Puntu-puntuan iritsi ginen estreinaldira, eta espero bezala, gustatu egin zaio jendeari". Azken asteburua, esaterako, Donostian igaro dute: "Ostiralean, larunbatean eta igandean antzokia beteta izan genuen. Jendeak esker onez hartu du obra". Publikoaren erreakzioa ezagututa, lana "hobeto" dute orain. "Komedian ikus-entzuleak sentitu egin behar izaten dira, alertan egon behar izaten da denbora guztian. Lehendakari gaia komedia lana da, eta jendeak barre egiten badu, utzi egin behar zaio horretan. Herri bakoitzeko publikoak markatzen du obraren tempoa. Horregatik, komedia lana konplikatua izaten da".

Galartzaren hitzetan, publikoak esker oneko egiten du komedia lana. "Ondo joan izan zait betidanik, eta eroso sentitzen naiz gako batzuekin asmatzen dudalako. Obra hau komedia ukiturik gabe egingo bagenu, oso historia dramatikoa izango litzateke, eta asko, gainera, bere buruarekin identifikatuta sentituko lirateke". Komedia, ordea, hori baino "zorrotzagoa" eta "arriskutsuagoa" dela aldarrikatu nahi izan du Galartzak: "Komedian gaizki pasatzen da publikoaren erreakzioa hotza dela ikusten bada".

Hautagaiaren erraietan

Antzezlana lehendakaritzarako hautagaia den gizon baten istorioan oinarritzen da, baina protagonistak ez daki kargu hori hartzeko gai izango den edo ez. "Boterea izango duen pertsona da, baina ez daki botere horretara ohitzeko prest egongo ote den. Gainera, lehendakarigaiaren inguruan daudenek berak baino gehiago agintzen dutela ere ikusiko da. Finean, hautagaia gizon arrunt bat dela kontatuko dugu, bere miseria, tristura eta iraganarekin".

Bide batez, Euskal Herriko garai bateko haurtzaroa nolakoa izan zen ere nabarmendu nahi izan dute bi aktoreek. "Gure gurasoek ez ziguten esaten 'maite zaitut'; lehen aginduak eman ohi zizkiguten: ekarri ezazu ogia, egizu lo... Lehendakarigaiak etxeko habiatik aterata zerbait egiteko gai dela erakutsi nahi dio aitari. Haren nahia, ordea, semeak etxeko negozioan aurrera egitea da. Gainera, lehendakarigaiak nerbio-tika du, eta psikiatra baten –Zuhaitz Gurrutxaga– laguntza jasoko du. Zuhaitzen papera sekulakoa da. Antzerkian gauza batzuk egin ditu, baina esango nuke bere lehen paper potentea dela. Ordu eta erdiz Zuhaitz Gurrutxaga handi bat ikusteko aukera izango da".

Azkoitiko publikoak aktoreen artean "herri gogorraren fama" duela adierazi du amezketarrak. "Antzerkirako tradizio handia dago inguruotan, eta jendea antzezlan asko ikustera ohituta dago. Beste leku batzuetan urtean behin edo bitan ikusten dute antzerkia, eta orduan barre egiteko asmoz joaten da jendea antzokietara. Horregatik guztiagatik, zailagoa da barrea ateratzea Azkoitia moduko herrietan. Azkoitiko saioa gainditzen badugu, libre izango gara".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide