Euskal presoen eta iheslarien eskubideen alde mobilizatu dira Azkoitian

Anartz Izagirre 2022ko urt. 29a, 09:51

Euskal presoen eta iheslarien aldeko urtarrileko elkarretaratzea. (Azkoitiko Sare)

Besteak beste, Francisco Jose Ramada presoaren osasun egoera izan zuten hizpide Sarekoek hileko azken ostiraleko elkarretaratzearen amaieran.

Azkoitiko Sarek deituta euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zuten atzo, ostirala, plazan. Mobilizazioaren ostean testu bat irakurri zuten antolatzaileek, eta, bertan Francisco Jose Ramada preso irundarraren osasun egoera izan zuten hizpide: "Eusko Jaurlaritzari dagokio euskal presoari hirugarren gradua emango dioten erabakitzea, Tratamendu Batzordeak hala erabaki ondoren, haren osasun egoera delikatua dela eta. Guk uste dugu Ramada berehala aske utzi behar dela, izan ere, 2020ko irailean zigorraren hiru laurdenak bete zituen", nabarmendu zuen Sarek.

Presoek osasunerako duten eskubidea "gai nagusia" dela nabarmendu zuten Sareko kideek hitzartzean, eta koronabirusak espetxeetako osasun baldintzak "are gehiago okertu" dituela gaineratu zuten. Era berean, "komunikatzeko eskubidearen urraketarekin" amaitzeko ere eskatu zuten, baita presoak aske uztea ere: "Euskal preso askok zigorraren zati bat bete dute dagoeneko, eta justizia arrunta aplikatuta, asken irten beharko lukete".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide