Porrotik gabeko asteburua izan dute Anaitasunako emakumezkoen zein gizonezkoen talde nagusiek, emaitza desberdinak izan badituzte ere: Euskal Ligako emakumeek hiru puntu lortu dituzte Añorgaren aurka, eta Hirugarren Mailako gizonek puntu bat eskuratu dute Barakaldoren aurkako neurketan.
Emakumezkoek gaur arratsaldean jokatu dute partida Añorgaren aurka, Txerloia futbol zelaian. Gorrixek kontrolpean izan dute norgehiagoka osoa, eta Leire Ucinek 44. minutuan sartu duen golak eman dio Gorka Zubizarretak gidatzen duen taldeari garaipena.
Gizonezkoen talde nagusiak, berriz, atzo jokatu zuen neurketa Txerloian, Barakaldoren aurka. "Partida bikaina" jokatu zuten gorrixek, eta azken uneraino borrokatu zuten "talde indartsu" baten aurka. Azkenean, ordea, puntu bana eskuratu zuten bi taldeek; izan ere, Barakaldoko taldea aurretik joan zen partidaren 21. minututik aurrera, baina 49. minutuan Iza jokalariak markagailua berdindu zuen, eta taldeek 1-1 amaitu zuten neurketa.