COVID ziurtagiriaren aurka elkarretaratzea egin dute herritarrek

Ane Olaizola 2022ko urt. 30a, 09:01

Bizitza plataformaren parte den Azkoitia Aktiboa taldeak deituta egin zuten mobilizazioa herriko plazan. Ziurtagiriaren atzean kontrol soziala dagoela salatu zuten han elkartutakoek, eta ez dela osasun neurria adierazi zuten, "zibikoa" baizik.

COVID ziurtagiriaren ezarpena salatzeko asmoz, elkarretaratzea egin zuten bigarrenez atzo, larunbata, Azkoitiko plazan. Bizitza plataformaren parte den Azkoitia Aktiboa taldeak deituta egin zuten protesta, eta herritar ugari elkartu zen plazan ziurtagiri hori bertan behera uzteko eskatzeko. Antolatzaileen arabera, 200 bat lagunek egin zuten bat atzoko elkarretaratzearekin.

Taldearen arabera, gizartea "une historikoa" bizitzen ari da, eta agintariek "mundu totalitarioa" nahi dute. "Esklabu, pobre, gaixo eta zatitua nahi gaituzte". COVID ziurtagiriaren bidez, "kontrol soziala" ezarri nahi dutela salatu zuten deitzaileek, eta ziurtagiria, osasunari dagokiona baino "gai zibikoa" dela azpimarratu zuten: "Ziurtagiria ez da pasaportea, ezta sanitarioa ere. Eusko Jaurlaritzako saiburu ordeak onartu zuen gaia zibikoa dela, eta ez sanitarioa. Eliteek agenda globalista aurrera eramateko ezinbesteko tresna da".

Egoeraren aurrean, "posizionatzeko, inplikatzeko eta koherenteak izateko unea" dela adierazi zuten antolatzaileek, baita herritarrek kaleak zein herriak "bereganatzeko" ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide