Azkoitia-Azpeitia ISB taldearen igandeko partida ere bertan behera gelditu da

Anartz Izagirre 2022ko urt. 28a, 17:46

Azkoitia-Azpeitia ISB taldeak jokatutako norgehiagoka bateko irudia. (Mikel Amenabar)

Asteburu honetan Iraurgi SBren talde nagusiek ez dute partidarik jokatuko, emakumeen zein gizonen taldeen bi partidak bertan behera gelditu baitira kasu positiboak tarteko.

Azkoitia-Azpeitia ISB taldeak Lima-Horta Barcelona taldearen aurka igandean jokatu behar zuen partida bertan behera gelditu da. Iraurgi SBko kideek adierazi dutenez, sei kasu positibo izan dira Bartzelonako taldean, eta beste uneren batean jokatu beharko du etxeko taldeak haien aurkako norgehiagoka. Ez da, gainera, 2021-2022 denboraldian Andoni Lazkanoren taldeari bertan behera gelditu zaion lehen partida; izan ere, 17. eta 18. jardunaldietako partidak ere ezin izan zituzten jokatu taldean izandako hainbat positibo tarteko.

Beraz, asteburu honetan Iraurgi SBren talde nagusiek ez dute norgehiagokarik jokatuko, Juaristi ISBk Basquet Gironaren aurka datozen egunetan jokatu behar zuen partida ere bertan behera gelditu baita etxeko taldean egondako COVID-19 kasuengatik. Horrez gain, Iñaki Jimenezen mutilek joan zen astean Easycharger Palencia taldearen aurka jokatu behar zuten partida ere ezin izan zuten jokatu arrazoi beragatik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide