Munoaundin egingo duten urmaela prestatu dute herriko ikasleek

Anartz Izagirre 2022ko urt. 26a, 15:46

Ingurumen Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta Munoaundiko urmaela eraikitzeko lanetan aritu dira herriko ikastetxeetako ikasleak. Orain, putzua urez beteko dute "modu naturalean".

Eskolako Agenda 2030 programaren barruan, baso berri bat eta urmaela eraikiko dituzte Munoaundin, eta Ingurumen Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna aprobetxatu dute herriko ikasleek urmaelaren potzua egiteko. Bizilore Eskola Aktiboak, Floreaga Ikastetxeak, Azkoitia BHIk eta Izarraitz Lanbide Heziketa zentroak parte hartzen duten Eskolako Agenda 2030 programan, eta ikastetxe horietako ikasleak izan dira pikatxoia eta pala eskuetan Munoaundiko zuloa urmael bilakatzeko lanetan aritu direnak. Udalak jakinarazi duenez, "modu naturalean" beteko dute putzua orain, animaliak hara joan daitezen.

Azken urteetan "ikasleek egindako eskaerei erantzunez", Azkoitiko Udalak Munoaundiko lursail bat Urola Bizirik taldearen esku utzi du, eta beste zati bat Eskolako Agenda 2030ekoen esku; beraz, eremu horretan zeuden pinuak atera ondoren, bi zatitan banatu dute eremua talde banarentzat. Eskolako Agenda 2030 programako ikastaldeak dagoeneko zuhaitzez osatutako basoa sortzeko urratsak ematen ere hasi dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide