Ur Kontsortzioak Floreagan eta Aizkibel kalean egingo ditu aurten esku hartzeak

Andoni Elduaien 2022ko urt. 25a, 08:14

Txalonerrekako ur azpiegiturak hobetzeko lanak. (Azkoitiko Udala)

2029ra bitartean 1.281.980 euro inbertituko ditu Ur Kontsortzioak Azkoitian. Aurten, Floreaga auzoan eta Atxabaletan zein Aizkibel kaleetan egingo dituzte esku hartzeak. Datorren urtean, berriz, Bizkargin, Julio Urkixon eta Trino Urian.

Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak 2019an berritu zuten Azkoitiko uraren kudeaketa integralaren inguruko akordioa, beste hamar urtetarako. Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Ur Kontsortzioak azpiegituren hobekuntzan inbertsioak egiteko konpromisoa du, eta 2009az geroztik 1.777.000 euro inbertitu ditu herrian. Hain zuzen ere, azken urteetan egindako lanek ur sarearen errendimendua %94,24raino igotzen lagundu dutela jakinarazi du udalak.

Datozen zazpi urteetan, 2029ra bitartean, Ur Kontsortzioak 1.281.980 euro inbertituko ditu Azkoitian. Urtez urte zehazten dituzte bi erakundeek herrian egiteko dituzten inbertsioak, eta dagoeneko erabakita dituzte aurtengo eta datorren urteko esku hartzeak. Aurten, Floreaga auzoan eta Atxabaleta kalean identifikatuta dauden saneamendu-sareko isurketak jaso eta Aizkibel kaleko 13 eta 21 zenbakien arteko sareak aldatuko dituzte. 2023an, berriz, Bizkargi, Julio Urkixo eta Trino Uria kaleetako hornikuntza eta saneamendu sareak berrituko dituzte.

Azken urteetan ur horniduran eta saneamendu sareetan egin dituzte inbertsioak. Ur hornidurari dagokionez, hobekuntzak egin dituzte Santa Klaran, San Martinen, Altzibarren, Txalonerrekan eta Bizkargi kalean. Sanemandu sareko lanak, ostera, Txerloian, Floreagan, Altzibarren, Ipintzan edota Txalonerrekan egin dituzte. Azpiegiturak berritu dituzte hainbat kasutan eta isurketak jasotzea lortu dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide