Bihar, asteazkena, urtarrileko ohiko udalbatzarra egingo du Azkoitiko Udalak, 19:00etan hasita. Hilabetero moduan, hainbat gai aztertuko dituzte udal ordezkariek. Azkoitiko bandera ofizialaren gaia, San Jose egoitzako ondasun higiezinaren desafektazioa eta udalaren dirulaguntzen plan estrategikoa aurtengo aurrekontuetara egokitzea izango dira aztertuko dituzten puntuetako batzuk.
Azkoitiko Kale Nagusia 80an kokatuta dagoen Idiakez Ederra eraikiaren gaia ere mahai gainera aterako dute. Udalak babestuta dagoen eraikina besterentzeko espedientea onartuko du, eta modu horretan, hasiera emango dio lizitazio prozesuari. Lizitazioa martxan jartzeko, ordea, horretarako baldintzak onartu beharko ditu gaur udalbatzak.
Behin lizitazioari hasiera eman ondoren, hainbat fase igaro beharko ditu prozesuak, hala nola salmenta esleitu, proiektu bat garatu, lizentziak eman, eta azkenean, obrak hasi. Javier Zubizarretak iazko apirilean adierazi zuen, "azkarren mugituta" eta "baikorrak" izanda, "urte honen amaieran" hasi ahalko liratekeela obrak.
2020ko martxoan, Visesak lizitaziora atera zituen obrak. Alabaina, uztailean sozietateak hitzarmena bertan behera utzi zuen. Hori horrela, hutsetik hasi behar izan zuen udalak Kale Nagusia 80 eraikineko proiektua. Lanek izango luketen kostua izan da orain arteko traba nagusia, eta orain, proiektua berraktibatzeko aterako dute eraikinaren salmenta lizitaziora. Udalaren asmoa da eraikina etxebizitza libreak egiteko saltzea.
Hona hemen eguneko gai zerrenda:
- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
- Azkoitiko bandera ofizialaren behin betiko onespena.
- San Jose egoitzaren ondasun higiezinaren desafektazioaren behin betiko onespena.
- Azkoitiko Kale Nagusia 80an kokatutako Idiakez Ederra babestutako ondasun higiezinaren besterentzeko espedientea onartzea eta lizitazioari hasiera ematea.
- 2020-2022 Azkoitiko Udaleko dirulaguntzen plan estrategikoa 2022ko aurrekontura egokitzearen onespena.
- Aurrekontuari buruzko informazioa.
- Galde-erreguak.