Hainbat kasu positibo tarteko, Juaristi ISBk ez du Palentziara bidaiatuko

Andoni Elduaien 2022ko urt. 23a, 10:29

Juaristi ISBren partida bateko irudia (Mikel 'Otola')

ISBk sare sozialetan jakinarazi duenez, atzo eta gaur egindako testetan bost kasu positibo hauteman ditu mutilen taldean, eta bertan behera utzi dute eguerdian Palentzian jokatzekoa ziren neurketa.

Juaristi ISBren partida bertan behera utzi dute taldean hainbat kasu positibo hauteman ondoren. Iñaki Jimenezen mutilak gaur, igandea, 12:30ean ziren jokatzekoa Palentzian (Gaztela eta Leon, Espainia), baina atzo eta gaur artean egindako antigeno testetan bost kasu positibo detektatuta, ezin izango dute 17. jardunaldiko lehia jokatu.

Atzo, larunbata, Juaristi ISBk sare sozialen bitartez jakinarazi zuen taldean hiru kasu positibo detektatu zituztela. Gainera, beste bi jokalari sintomekin eta hirugarren bat positibo eman duen jokalarietako baten bizikidea dela ere jakinarazi zuen. Iraurgi atzo saiatu zen gaurko partida bertan behera uzten, baina ez zuen lortu; izan ere, Espainiako Saskibaloi Federazioaren COVID protokoloak zehazten du taldean bost kasu positibo edo gehiago hauteman behar direla partida bertan behera uzteko.

Hori horrela, ISBk antigeno testak egin dizkie 07:00etan atzo negatibo eman zuten jokalari guztiei, eta beste bi kasu positibo baieztatu dituzte. Halaber, negatibo eman duen jokalari bat sintomekin aurkeztu da proba egitera. Guztira, bost jokalari ditu Juaristi ISBk une honetan positibo emanda, eta horregatik, ez dute jokatuko gaur Palenciaren aurka. 

Luzapenean, porrota

Azkoitia-Azpeitia ISBk, aldiz, atzo jokatu zuen Sinergia Soluciones Real Canoe taldearen aurkakoa, eta Andoni Lazkanok zuzentzen duen taldeak 75 eta 72 galdu zuen luzapenean. Lehen hiru laurdenetan gehiago izan zen etxeko taldea.

Laugarren laurden bikain baten ondoren, ordea, neurketa 58na berdintzeko gai izan zen ISB Madrilen. Luzapenean, baina, etxeko taldeak mendean hartu zuen Azkoitia-Azpeitia ISB. Marguerite Effa eta Juana Maria Molina izan ziren ISBren taldeko jokalari onenak, hurrenez hurren, 23 eta 20 puntuko balorazioa eskuratuta. Datorren asteburuan, Lima Horta Barcelonarekin neurtuko ditu indarrak ISBk, Azkoitiko Elkargunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide