Anaitasunak neurketaren azken hondarrean galdu du Basaurin

Andoni Elduaien 2022ko urt. 20a, 09:00

Xabi Soraluze, baloiagatik borrokan. (Anaitasuna)

85. minutuan, kontraerasoan jaso zuen gola Anaitasunak. Azken bi irteeretan Anaitasunak itxura hobea erakutsi duen arren, gorrixek etxetik kanpo jokatutako azken sei neurketak galdu dituzte. Igandean, etxean izango dute atzoko porrota iraultzeko aukera.

Anaitasuna futbol taldearen gizonezkoen lehen taldeak galdu egin zuen zuen atzo, asteazkena, Basauriko (Bizkaia) Artunduaga futbol zelaian. Xabi Artetxe entrenatzaile azkoitiarrak zuzentzen duen taldea 1 eta 0 erori zen Basconia futbol taldearen aurrean.

Lehen zatia motela izan zen Basaurin. Bi futbol taldeek baloi jabetza luzeetan oinarritu zuten jokoa, eta ondorioz, abagune gutxi sortu zituzten Basconiak eta Anaitasunak. Izan ziren aukera apurrak etxeko taldeak egin zituen, baina, inoiz ez zen arriskutsu ailegatu Mikel Ruiz atezainaren areara.

Bigarren zatia hasi eta berehala izan zuen Anaitasunak markagailuan aurrea hartzeko aukera. Falta bat azkar jokatu zuten gorrixek, eta Mikel Aramendik egindako jaurtiketan baloia kanpora joan zen, aurkari baten soinean jo ostean. Oso arrisku gutxi hartu zuten bi taldeek; 85. minutuan, ordea, Anaitasuna aurkariaren zelaian ia guztiz murgilduta zegoen jokaldi batean, etxekoek gola egitea lortu zuten. 

Basconiaren aurka galduta, Anaitasuna zerbait gehiago urrundu da sailkapeneko lau onenen artean sartzeko borrokatik. Halere, atzokoa ez da Anaitasunaren aste honetako neurketa bakarra izango; izan ere, igandean, 16:30ean, hiru puntu eskuratzeko aukera izango dute gizonezkoek Cultural Durangoren aurka, Txerloian. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide