Urtebetean behera egin du langabezia tasak, Azkoitian. Lanbidek emandako datuen arabera, 2021eko abenduaren amaieran langabezia tasa %8,1ean kokatu zen. Urtebete lehenago, 2020ko abenduaren amaieran, puntu bat altuagoa zen tasa (%9,1). Egun, herriko langabezia tasa Gipuzkoako (%8,7) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasaren bataz bestekoaren (%10,7) azpitik dago. Modu horretan, behera egin dute hango langabezia tasek ere: Gipuzkoako tasa %9,8koa zen 2020ko abenduan, eta hiru lurraldeetako bataz bestekoa, %12,1ekoa. Urola Kosta eskualdean ere behera egin du tasak, %9,8koa izatetik %7,5ekoa izatera igaro baita joan den abenduan.
Pertsona kopuruari erreparatuz gero, berriz, 2021aren amaieran 469 lagun zeuden lanik gabe Azkoitian, 2020aren amaieran baino 64 gutxiago. Langabe horietatik guztietatik 214 gizonezkoak ziren –2020an, 259 lagun–, eta 255 emakumezkoak –2020an, 274 lagun–. Lanbidek zehaztutako adin tarteei erreparatuta, ostera, 2021eko abenduan 25 urtetik beherakoen artean 30 azkoitiar – hamabi gizon eta hemezortzi emakume– zeuden langabezian; 25 eta 44 urte bitarteko 204 herritar –84 gizon eta 120 emakume–; eta 45 urtetik gorakoen artean 235 lagun –118 gizon eta 117 emakume–.
Langabeziaren datuak sektoreka nolakoak diren ere zehaztu du Lanbidek: 21 ziren nekazaritza sektorekoak, 85 industriakoak, 24 eraikuntzakoak eta 266 zerbitzuetakoak. Horrez gain, 73 lagun zeuden lehendik enplegurik gabe.
2021. urteko gorabehera
2020ko urtarrileko zenbatekora hurbildu da Azkoitiko langabezia tasa 2021aren amaieran; izan ere, orduko urtarrilean langabezia tasa %8koa zen herrian; urtearen amaieran, berriz, %9,1era iritsi zen. 2020ko abuztuan jo zuen langabezia tasak goia Azkoitian, %10,9ra iritsira, baina orduz geroztik beherako joera hartu zuen.
2021ean, poliki-poliki, baina duela bi urteko langabezia tasara iristea lortu dute Azkoitian, bere gorabeherekin. 2021eko urtarrilean, %,9,4ko langabezia tasa zuen herriak, iaz Azkoitiak izan zuen zenbateko handiena; izan ere, orduz geroztik tasak beheranzko bidea hartu zuen. Urtearen erdirako, ekainerako, %8,1eko langabezia tasa zuen herriak, eta urrian urteko tasarik baxuena izan zuen (%7,4). Azaroan eta abenduan, ordea, berriz ere langabezia tasak gora egin zuen Azkoitian.
Eskualdeko datuak
Oro har, urtebetean langabezia tasak behera egin du eskualdeko herri ia guztietan; Beizama, Errezil eta Getaria dira salbuspen bakarrak. Bestalde, 2021eko abenduko langabezia tasa %7,5ekoa izan zen Urola Kosta eskualdean, 2020an baino 2,3 puntu baxuagoa (%9,8). Eskualdeko tasaren bataz bestekoa gainditzen dute Aizarnazabalek (%8,9), Azkoitiak (%8,1), Beizamak (%12,7), Zestoak (%8,6) eta Zumaiak (%8). Langabe kopuruak ere behera egin du urtebetean. 2020ko abenduan, 3.275 pertsona zeuden lanik gabe Urola Kostan, eta urtebete beranduago 2.858 zeuden.
Abenduan, eskualdean lanik gabe zeuden lagunetatik 1.210 (iaz, 1.467) gizonezkoak ziren, eta 1.648 (iaz, 1.808) emakumezkoak. Lanik gabe zeuden emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa da eskualdeko herri guztietan, Errezilen izan ezik. Honako hauek dira Urola Kostako langabezia tasak herriz herri:
- Aia %4,7 (iaz, %6,2)
- Aizarnazabal %8,9 (iaz, %13,2)
- Azkoitia %8,1 (iaz, %9,1)
- Azpeitia %7,5 (iaz, %9)
- Beizama %12,7 (iaz, %8,5)
- Errezil %6,6 (iaz, %5,7)
- Getaria %6,8 (iaz, %6,7)
- Orio %7,4 (iaz, %9,2)
- Zarautz %7,3 (iaz, %8,4)
- Zestoa %8,6 (iaz, %9,3)
- Zumaia %8 (iaz, %9)