Xabi Oroz saskibaloi jokalari azkoitiarra gaur itzuli da kantxara, jokora. Urrezko LEB ligako Praten kontrako partidan jokatu du, eta garaipena erdietsita itzuli dira etxera, 70-81 irabazita. Orozek hamahiru minutu jokatu ditu gaurko partidan, sei puntu, bi errebote, bi asistentzia eta hamar puntuko balorazioa lortuta.
Acunsa Gipuzkoa Basket taldeko kapitainak iazko apirilean haustura egin zuen eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatuan eta kanpoko meniskoan. Hori dela eta, ordutik saskibaloian ezin jokatuta egon da. Lesiotik osatu ondoren itzuli da jokora gaur.
Oroz 2014. urtean hasi zen Gipuzkoa Basket taldean jokatzen, baina aurreneko bi denboraldiak Iraurgi Saskibaloi Taldean jokatu zituen, nahiz eta entrenamenduak eta hainbat partida ACBko taldearekin egin. 2016-2017 denboraldian, baina, Gipuzkoa Basketera itzuli zen.