Joan den asteburuan esku hutsik gelditu ondoren, gaur garaile izan dira Anaitasuna futbol klubaren bi talde nagusiak.
Txerloian, 2 eta 0 irabazi dio Xabi Artetxeren taldeak Lesakako Beti Gazteri, Espainiako Hirugarren Mailako ligaren 21. jardunaldiko neurketan. Ez du partida ikusgarririk jokatu Anaitasunak. Beti Gazte sailkapeneko azkenaurreko postuan egon arren, ez da inondik inora aurkari erosoa izan gorrixentzat. Izan dituzten aukerak ez dituzte alferrik galdu azkoitiarrek, eta horri esker lortu dute irabaztea. Lehen zatian, penalti bati esker egin du 1 eta 0koa Anaitasunak; Mikel Aramendik bihurtu du gola zazpi metroetatik, 36. minutuan. Emaitza horrekin iritsi dira atsedenaldira, eta neurketaren azken unera arte ezin izan dute arnasa lasai hartu etxekoek, 90. minutuan egin baitu bigarren gola Anderrek, Alexek gidatutako kontraerasoa burutuz. Gaurko hiru puntuekin, 32 ditu guztira Anaitasunak eta sailkapenaren zortzigarren postuan dago, igoera faseko postuetatik puntu bakar batera.
Emakumeen Euskal Ligan hiru puntu baliotsurekin itzuli dira etxera Gorka Zubizarretak gidatzen dituen emakumeak. Elorrion jokatu dute gorrixek hamalaugarren jardunaldiko neurketa, sailkapenean gertu zuten taldeetako baten zelaian, eta 2 eta 4 irabazi dute azkenean. Hasiera eroa izan du partidak, eta hiru gol igo dira markagailura bederatzi minuturen tartean. Oihane Uzinek abantaila eman dio Anaitasunari 7. minutuan, baina bizkaitarrek berehala eman diote buelta markagailuari, 10. eta 16. minutuetan gol bana eginda. Atsedenaldira bitartean ez da beste golik egon, eta bigarren zatian etorri diren beste hirurak Anaitasunaren aldekoak izan dira. 67.ean egin du Ainhoak berdinketaren gola (2-2), penalti jaurtiketa batekin. Maiderrek egin du 2 eta 3koa 75. minutuan, eta Maria Juaristik borobildu du emaitza, 81.ean 2 eta 4koa eginez. Anaitasunak 28 puntu ditu gaurko garaipenaren ostean, eta jardunaldia osatzeko dagoela, hirugarren postuan da behin-behinean Azkoitiko taldea.