Kimua landare edo lore bati ateratzen zaion abartxo berria da, eta zurtoinak, ernamuinak edo hostoak izan ditzake. Hazia ernamuintzean, gorantz hazten da, eta hostoak garatuko ditu. Gauza bera geratzen da haurrekin; zaindu egin behar dira, kimuak atera ditzaten.
Azpeitiko Ikastola Ikasberrik garbi ditu etorkizuneko pertsonek eskaini behar dituzten ezaugarriak: euskaldunak, emozionalak, parte hartzaileak, ekintzaileak, komunikatzaileak, kritikoak, autonomoak, enpatikoak, osasuntsuak eta sortzaileak. Horretarako, ikasketa metodologiak aldatu zituzten duela urte batzuk Haur Hezkuntzan (Kimu proiektua) eta Lehen Hezkuntzan (Lore proiektua), hausnarketa prozesu sakon baten ondoren.
Izan ere, adin bakoitzeko haurrek beren beharrak eta gaitasunak dituzte, eta Azpeitiko Ikastola horietara moldatu da. Ikastolen leloak dioen bezala –Ikastolak hezkuntza eraldatzen–, moldaketa eta eraldaketa funtsezkoak izan dira etorkizuneko gizartea hobea egingo duten pertsonen heziketan. «Haur bakoitzari baliabideak eskaintzen dizkiogu dituen gustuetatik edo nahietatik abiatuz. Espazio egokia izan behar dute motrizitatea, komunikazioa, autonomia, kuriositatea eta sormena ase ditzaten; material egokia izan behar dute espazioan dituzten txokoetan, eta material horiek aldatuz joaten gara haurrengan sorpresa sor dezaten eta horiek beren mugak gainditzea sustatzeko; azkenik, denbora eskaini behar diegu, errespetatu bakoitzaren denborak, eta behatu zer duten gustuko, non ari diren jakintza hartzen... garrantzitsua da», agertu du HHko zuzendari Miren Lazkanok.
Horrek guztiak helduen begiradaren eta espazioaren aldaketa eragin du. «Heldua da umeari segurtasuna eta babesa ematen diona, goxo hitz egiten diona, komunikatzeko pertsona... Harreman horri duen garrantzia ematen diogu, haurra lasai egoteko, eta horregatik, tutore bera izaten dute hiru urtez. Bidelagun rola hartzen du hezitzaileak, eta gure begirada ere asko aldatu da: denbora eskaintzen diogu ume bakoitzari, dituen beharrak ezagutuz eta bere mailan jarriz».
Lehen Hezkuntzari dagokionez, adin nahasketa eta erritmoaren errespetua dira zikloko oinarriak. Oinarri horietan sinesten dugu aniztasunari erantzuna ematea helburutzat hartuta. Gero, HHn bezala, irakaslearen begirada sartzen da, eta beti hartu behar dugu kontuan une batzuk gidatuak izan behar direla, beste batzuk esperimentalak edo libreak eta gainerakoak proiektu bidezkoak», esan du Mari Azkue LH zikloko zuzendariak.
Loreak ureztatu egin behar dira kimuak eman ditzaten, eta gisa berean, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko irakasleak etengabeko balorazio prozesuan murgilduta daude. Irakasle edo hezitzaile gisa asko ari dira ikasten, elkarrekin lan eginez besteen jokabideak ikusten eta ikasten, eta etengabeko hausnarketa egiten: «Bakoitzak bere ideiak eta hobekuntzak adierazi eta defendatu behar ditu». Horrek lan asko eskatu arren, fruituak ikusi dituzte dagoeneko: «Haurrek autonomia, motibazio, autoestimu, sormen eta komunikazio gaitasun handiagoa dute, eta, aldiz, liskar gutxiago izaten dituzte», diote biek. Etorkizuneko loreen kimuak dira.