Azkoitiko Udalak 40.000 euroko dirulaguntza eman dio Andre Mariaren Jasokundeko parrokiari, Madariagako San Isidro eliza eraberritzeko. Hizarmena Javier Zubizarreta alkateak eta Felix Azurmendi erretoreak eta parrokiako ordezkariak sinatu dute udaletxean.
Udalak diruz lagundu du esku-hartzea "elizak duen balio historikoagatik". Akordioaren arabera, gainera, erakundeak eliza erabili ahal izango du kultur ekitaldi, jaialdi edo beste zenbait jarduera antolatzeko, betiere, "tenpluaren kultu izaeraren aurka ez badoa". Udalaren arabera, elizak eta inguruak aukera ematen dute formatu txikiko jarduerak antolatzeko edota bertako ondarea nahiz balio historikoa ezagutzera emateko, bisita gidatuen edo erakusketen bidez. Madariaga auzoko San Isidro eliza 1841ean inauguratu zen.