Juaristi ISBren etxeko bolada ona eten du UEMC Real Valladolidek

Andoni Elduaien 2022ko urt. 12a, 17:56

Atzoko partidako irudia. (Argazkiak: Mikel 'Otola')

Atsedenaldirako 30 puntuko errenta zuten bisitariek. Bigarren zatian txukunago aritu zen Iñaki Jimenezen taldea, baina garaipena lortzetik urrun gelditu zen ISB.

12. jardunaldian bertan behera gelditu zen neurketa jokatu zuen atzo, asteartea, Juaristi ISBk UEMC Real Valladolid taldearen aurka. Etxean jokatutako azken lau partidak irabazita iritsi zen ISB atzoko neurketara, baina bolada ona eten egin da, 59-82 galdu baitzuen.

Lehen zati kaskarra jokatu zuen Iñaki Jimenezen taldeak, eta ez zuen garaipenagatik borroka egiteko betarik izan ondorengo hiru laurdenetan; izan ere, Valladolideko taldeak (Gaztela eta Leon, Espainia) atsedenaldirako erabakita utzi zuen neurketa. Juaristi ISBk bost puntu saskiratu zituen lehen hamar minutuetan, defentsan lan ona eta gogorra egin zuen Valladolidekin egin baitzuen topo. Erasoan, berriz, oso trebe aritu ziren bisitariak; 5 eta 23 amaitu zen lehen laurdena.

Alde handia zuen ordurako Valladolideko taldeak, baina bigarren laurdenean errenta handitu besterik ez zuen egin. Bisitariek sendo jarraitu zuten defentsa lanean, eta eraginkor erasoan (9-21). 30 puntuko aldea zuen Valladolideko taldeak atsedenaldian (14-44), eta partidak zuen pizgarri guztia galdu zuen.

Bigarren zatian, itxura hobea erakutsi zuen ISBk, eta estuago hartu zuen Valladolid. Hirugarren laurdenean finago aritu zen erasoan Azkoiti-Azpeitiko taldea, baina kanpoko taldeak errentari eusteko ez zuen arazorik izan (21-23). Azken laurdenean, berriz, UEMC Real Valladolid baino gehiago izan zen kantxan ISB, eta aldea bederatzi puntu moztu zuen (24-15).

Pavel Savkov jokalari errusiarra izan zen ISBko saskiratzaile nagusia, 15 puntu saskiratuta. Balio onena lortu zuen jokalaria, berriz, Manex Ansorregi azkoitiarra izan zen. 15 puntuko balorazioa eskuratuta. Igandean, 19:30ean, etxean jokatuko du Juaristi ISBk Levitec Huesca La Magia taldearen aurka.

Savkov saskiaren aurrean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide