Hilabete igaro da Kukuherri eta Sistiaga Erreka arteko errepidean luizia izan zela, eta orduz geroztik itxita jarraitzen du bideak. Ez dute, gainera, epe laburrean zabalduko, luiziak eragindako kalteak handiak direlako eta segurtasuna bermatzea ezinbestekoa delako.
Abenduaren hasieran izan ziren euriteek eragin zuten luizia, eta ez zen nolanahikoa izan; errepidea hondoratu, zati bat pendizean behera bota eta harri lubeta hautsi du. Herri bide hori Azpeitikoa da, eta errepidea nola konpondu ikusteko azterketa teknikoa gauzatzen ari da Azpeitiko Udala. Azterketa tekniko horren menpe dago, beraz, konponbidea.
Ezbeharra izan eta gutxira hasi ziren egoera aztertzen, baina luiziak eragindako kalteak "handiak" direla azaldu du Azpeitiko Udalak. "Ez da beste luizi batzuetan bezala, eremua garbitu eta listo. Honek beste tratamendu bat eskatzen du, eta lanean ari da udala, baina luzerako jo dezake", azaldu du Josu Labaka zinegotziak. Gainera, eremua konpontzeko diru kopuru handi samarra beharko dela ere aurreratu du hark.