Eñaut Elorrieta musikariak Irteera Argiak diskoa aurkeztuko du datorren larunbatean, otsailak 12, Baztartxo antzokian, 19:00etan. Maxixatzenek Azkoitiko Udalak emandako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu zozketan parte hartzen duten Maxixatzeneko bazkide guztien artean. Zozketan parte hartu nahi duten bazkideek osteguneko 12:00etara arteko epea izango dute.
Zozketan parte hartzeko, honako lotura honetan eman beharko da izena. Irabazleak ostegunean jakinaraziko ditu Maxixatzenek.
Kontzertuari buruz
Eñaut Elorrieta (ahotsa eta gitarra akustikoa), Maite Larburu (biolina, biola eta koroak), Fernando Neira (kontrabaxua eta baxua), Ruben Caballero (gitarra elektrikoa, teklatuak, koroak) eta Ander Zulaika (bateria, perkusioa eta koroak) arituko dira larunbatean Baztartxon.
Musikarako duen berezko grina oinarri, eta etengabe esperimentatzeko nahiz hobetzeko pasioak eraginda iritsi da Eñaut Elorrieta Irteera argiak proiektu berri honetara. Berak osatutako letrez gain zenbait idazleren hitzak ere musikatu ditu: Uxue Alberdi, Joseba Sarrionandia eta Jose Luis Otamendi, besteak beste.
Disko disdiratsu bezain bare, eta heldu bezain fresko honek, kantua bera du oinarri eta obsesio, olatu batek daramatzan melodiak eta hitz ederrak. Azken urteetan ondutako guztia sorkuntza berrien mesedetan eta eszenatoki gainean.