Emakumeak mugitzea helburu duen erronka

Onintza Lete (Gipuzkoako Hitza) 2022ko urt. 8a, 08:42

Bi emakume korrika, Orioko San Silvestre lasterketan.

Emakumeok Mugimenduan erronka solidarioa abiatu dute, martxoa baino lehen Gipuzkoako emakumeen artean kirola eginez 40.000 kilometro osatzeko. Laurehun emakumek eman dute izena jada, eta azkoitiarrak ere badira tartean.

Urte berriarekin batera, martxan da Gipuzkoako emakumeei zuzendutako erronka bat: otsailaren 28a baino lehen, denen artean 40.000 kilometro osatu nahi dituzte kirola eginez. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol zerbitzuaren egitasmoa da, eta, egindako kilometroen arabera, berdintasunaren arloan lanean ari diren hiru elkarte diruz lagunduko ditu aldundiak —urtarrilaren erdialdera jakinaraziko du zer elkarte izango diren. Emakumeok Mugimenduan izena du erronka solidarioak, eta laurehun emakumek baino gehiagok izena emana zuten aurreko astean. Apuntatzeko, Kinendu aplikazioa jaitsi behar da sakelako telefonora, eta erronkan izena eman behar da ondoren.

Abenduaren erdialdetik Itsasne Duinat eta Iraitz Zugasti dinamizatzaileak egitasmoaren berri emanez ibili dira lurraldeko hogei udalerritan, eta joan den astean, Orion izan zirenean, Duinatek azaldu zuen emakumeek erronkari harrera ona egin diotela: "Erronkari buruz informazioa ematen ari gara, eta izena ematen laguntzen dugu. Herri batzuetan beste batzuetan baino gehiago kostatu zaigu emakumeengana iristea, baina, oro har, harrera ona izan du. Zarautzen, adibidez, 50 emakumek eman zuten izena". Herri batzuetan ikusi dute eurak bertaratu aurretik emakumeek bazutela erronka solidarioaren berri: "Orion, esaterako, horixe gertatu zaigu".

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide