Norberaren baitan arrastoa uzten duen herrialdea omen da Kuba, eta Ruper Ordorikak (Oñati, Gipuzkoa, 1956) ezin uka hori. Musikaria maiz izan da Karibe itsasoak bustitzen duen irlan, eta han izandako bizipenak oinarri hartuta, son kubatar erritmoan ondu du Amour eta Toujours diskoa. Bihar aurkeztuko du azken lana Azkoitiko Baztartxo antzokian (19:00), eta ondoan izango ditu Mugalaris taldeko Arkaitz Miner, Lutxo Neira eta Hasier Oleaga zein Eduardo Lazaga eta Nando de La Casa musikariak.
Euskal Herriko urtarril hotzean, Kubara eramango dituzu Azkoitiko entzuleak.
Diskoa kaleratu ondoren, kontzertu batzuk antolatu ditugu, eta egia esan, aspaldian ez naiz izan Baztartxo antzokian. Paradoxikoa dirudi guztiak, baina sasoi nahasi honetan banuen gogoa halako disko bat egiteko. Horretarako, taldea berriz osatu dut, eta bere denbora hartu du lanak. Amaitu dugu azkenean, eta biharko kontzertuaren erdia behintzat azken diskoari eskainiko diogu.
Klabe kubatarrean osatu duzu Amour eta Toujours diskoa. Zer dela eta iritsi da halako lan bat egiteko aukera?
Istorio luzea du, baina motzean esanda, pentsatzen nuen argitaratu gabe nuen atala zela disko hori kaleratzea. Gure eginkizuna izaten da bizipenak eta pasadizoak kantura eramatea, eta azken urteetan hainbat alditan egon naiz Kuban; han ere kantatu izan dut. Hango musika, oso anitza den arren, antipodatzat hartu izan dut beti; oso urrutiko gauza bezala ikusi izan dut. Baina urteak aurrera joan ahala, Kubako musika gehiago ezagutzen joan naiz, eta interesa piztu dit. Beraz, abesti berriak sortzen aritu naiz hango musika klabea errespetatuz. Izan ere, hango molde erritmikoak ez dira gureak bezalakoak.
11 kantuz osatutako diskoa da kaleratu duzuna, eta Joseba Sarrionandia eta Eva Linazasororen letretan oinarritu zara zenbait abesti osatzeko.
Abesti gehienak nik ondutakoak dira, eta badira bi kantu Sarrirekin batera egin ditudanak. Hark prosa liburuetan argitaratu dituen hainbat testu ondu eta kantura eraman ditut nik. Evarekin ere sortu dut beste abesti bat. Abestiak erdibana egitea inoiz erabili ez dudan formatua izan da. Beste eskola batetik nator, eta gainera, betidanik oso urrun ikusi izan dut hango kantu moldea. Baina uste dut oreka egokia bilatu dugula diskoan. Gainera, denbora luzean egindako lana izan da, eta hori onerako izan dela iruditzen zait; izan ere, erdibide bat topatu dut, eta ez naiz arrotz sentitzen abesti horiek kantatzen.
Kubak musika molde propioa izanik, zaila egin al zaizu erregistroz aldatzea?
Erritmikoki, bai. Duela hamabi urte inguru bira bat egin genuen irlan. Nik kontzertuaren lehen zatia egiten nuen eta bigarrena orkestra batek eskaintzen zuen. Kantu pare bat elkarrekin jotzen genituen, eta nire hango lagunek, bereziki gure antzinako managerra izan zen Matxitxak, aipatzen zidaten hango musikarekin disko bat egin behar nuela. Erokeriatzat hartzen nuen hori, gure ikuspegia eta haiena zeharo desberdinak direlako. Batez ere erritmikoki, oso mundu aberatsa da hangoa, eta neure jatorrizko gustuetan daude kultura anglosaxoietan sortu diren bluesa, rocka… Elkarren antipodetan daude biak. Dena den, musika afrokubatarrak eusten die dagoeneko mundu gehienean galduta dauden erritmoei, eta musikariontzat beti da erakargarri hori. Baina oso urrun sentitu izan dut beti. Bitxia izan da Kubako musika nire errekara ekarri dudala.
Hango musika zeure egin duzu azkenean.
Baietz uste dut; nik hala sentitzen dut, behintzat. Gainera, kantuak lehen pertsonan idatzi ditut hango kontuez. Modu horretan, euskaraz abestean behartu egiten dut, beste fraseatze batera eramaten zaituelako.
Kubako hainbat musikarik ere parte hartu dute diskoan.
Kubakoek ez ezik, mundu zabaleko musikariek parte hartu dute: gitarrista argentinarra da; perkusionistak eta kontrabaxuak, kubatarrak; nirekin hainbeste diskotan parte hartu duen bateria-jotzaile Kenny Wolles ipar amerikarra ere alboan izan dut, baita Nando de La Casa perkusionista eta teklista ere. Nahasketa handia dago beraz, eta denak dira maila handikoak.
Duela 30 urte ezagutu zenuen Kuba, eta ordutik hainbatetan izan zara han. Zer nolako harremana duzu herrialde horrekin?
Nire lagun batek esaten duen moduan, zazpi aldiz bidaiatu behar omen da Kubara herrialde hori pitin bat ulertzen hasteko. Zazpi aldiz baino gehiagotan egon naizen arren, oraindik ez dut herrialde horretaz ezer handirik ulertzen. Familiak duen zentzua edota erlijioarekin zein familiarekin dituzten harremanak gurearen aldean oso bestelakoak dira; gure munduaren ifrentzua da hura. Baina hangoen begikotasunak eta alaitasunak ez du parekorik. Denborarekin, norberarengan eragin handia du horrek, eta nire baitan ere eduki du. Uste dut horregatik atera dudala diskoa.
Arrastoa utzi duelako zuregan?
Hori da. Eta sentitzen nuen nolabait esan egin behar nuela. Ez dut hitz egiten gauza oso konkretuei buruz, baizik eta gerora erabaki desberdinetara eraman nauten han bizi izandako uneez.
Azkoitian ere izan zara hainbatetan kantuan. Baztartxon ez ezik, eskaini izan duzu kontzerturik herriko tabernaren batean ere. Zer oroitzapen duzu?
Garai batean asko ibiltzen ginen Azkoitian, baita azkoitiarrak Oñatin ere. Gerora, gehiago joan izan naiz Azpeitia aldera. Urteak dira Baztartxon egon ez naizela. Duela hogei bat urte, gogoratzen naiz Beckett tabernan egon ginela. Egun hartan, Baztartxon jotzen genuen eta zeozer hartzera sartu nintzen tabernara, lekua gehiegi ezagutu gabe. Han bazegoen ni agertzen nintzen moztutako egunkari zati bat, eta zera zioen titularrak: Ruper Ordorika, un salvaje sin selva. Asko harritu ninduen, eta horren bueltan hitz egiten hasi nintzen tabernaren jabe Alirekin. Hark esan zidan nire musika oso gustukoa zuela, eta noizbait tabernara kantatzera joango nintzela esan nion. Horrela egin genuen kontzertua Becketten.
Orain, Baztartxon izango zara. Nolako emanaldia izango da?
Lehendabiziko abestiak disko berrikoak joko ditugu. Azken 11 urteetan lauko formatuan aritu gara kontzertuak ematen, eta Baztartxon seikote moduan izango gara; izan ere, Eduardo Lasaga perkusionista kubatarra eta Nando de La Casa ere izango dira gurekin.