2021ean inoizko bisita gehien izan ditu Maxixatzen.eus-ek. Koronabirusaren pandemiak bete-betean jo du bukatu berri den urtea ere, baina ez da izan albistegietako lerroburu guztiak hartu dituen gaia: askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Maxixatzenek 2021ean ere, eta hainbat herritarrek ez ezik, eragileek ere egin dituzte ekarpenak Komunitatearen bidez. Orotara, 3.827 berri –10 albiste egunean, batez beste– argitaratu ziren Maxixatzen.eus-en iaz, eta asko eta asko izan dira horiek irakurri dituztenak –honako lotura honetan ikus daitezkek dira iazko hamar albiste irakurrienak–.
2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, milioi eta erdi bisita baino gehiago izan ditu Maxixatzen.eus-ek: 1.805.912 bisita, zehazki. Google Analyticsek eskainitako datua da hori, eta horrek esan nahi duena da egunean, batez beste, 4.948 bisita izan dituela webguneak. Gainera, herritarrek Maxixatzen.eus-en zabaldutako orrien kopurua ere aipatzekoa da: 2021ean 4.358.716 orri ireki zituzten horiek, eta egunean, batez beste, 11.942 orri, beraz. Bestalde, erabiltzaileek, batez beste, 2 minutu eta 13 segundo igaro zituzten webgunera egindako bisita bakoitzean.
Joerak azken urteetako berbera izaten jarraitzen du. Izan ere, Interneteko edukiak eskuko telefonotik irakurtzeko joera areagotzen ari da urtez urte, eta 2021a ere ez da salbuespena izan zentzu horretan. 2021ean herritarren %68,37k erabili dute eskuko telefonoa Maxixatzen.eus irakurtzeko. Aldiz, ordenagailutik eta tabletetatik egindako bisiten kopuruak %28,55 eta %3,09 izan dira, hurrenez hurren.
Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabideen datuak ikaragarriak izan dira beste urte batez. Taldearen webguneetan hainbat eta hainbat erabiltzaile sartu ziren 2021ean: orotara, taldea osatzen duten sei webguneek –Karkara, Baleike, Zarauzko Hitza, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen eta Uztarria– 8.655.328 bisita izan zituzten iaz.