Hilerriko Antiguako Ama ermitan zaharberritze lanak egin dituzte

Ane Olaizola 2022ko urt. 5a, 09:14

Ermitako ur bedeinkatuaren pila zaharberritzeaz arduratu dira Berta Banzo eta Miguel Rodriguez, Jose Luis Larrañagaren zuzendaritzapean. XIII. mendearen erdialdean eraiki zuten eliza, eta beraz, udalak azpimarratu du herriko elementu arkitektoniko zaharrenetarikoa "berreskuratu" dutela.

Azkoitiko Udalak hainbat zaharberritze lan egin ditu egunotan. Hain zuzen ere, hilerrian dagoen Bandako Santa Maria elizako zenbait elementu historiko berritu dituzte, 1510ean parrokia gaur egun dagoen tokira
lekualdatu zenetik Antiguako Ama bezala ere ezagutzen den ermitan.

Udalak gogoratu du garai batean Azkoitiko parrokia izan zela Baldako Santa Maria monasterioaren portada, eta hango ur bedeinkatuaren pila zaharberritzeaz arduratu dira Berta Banzo eta Miguel Rodriguez; Jose Luis Larrañagak zuzendu ditu lanak. Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotziak adierazi duenez, estilistikoki erromanikoaren amaierako elementuak dira zaharberritu dituztenak. Udalaren arabera, 2005. eta 2008. urteen artean Jose Luis Solaunek eta Carlos Olaetxeak lurpean topatutako materialekin egindako datazio arkeologikoek berretsi zuten monasterioa XIII. mendearen bigarren erdialdean eraikia izan zela, 1250. urte inguruan. Hori hala, herriko elementu arkitektoniko zaharrenetarikoa "berreskuratu" dutela azpimarratu du erakundeak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide