Haurrek gozatu ederra hartu dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 27a, 19:20

Pailazoek Kuikui ikuskizuna eskaini dute gaur, Baztartxo antzokian. Bi emanaldi izan dira: bata 16:00etan, eta bestea 18:30ean. Jende ugari bertaratu da, eta Azkoitiko AEK-koak igo dira oholtzara.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Kuikui ikuskizuna taularatu dute gaur, Baztartxo antzokian. Bi emanaldi izan dira: bata 16:00etan, eta bestea 18:30ean. Jende ugari bertaratu da, eta gozatu ederra hartu dute han bildu diren haurrek. Gainera, saioen amaieran, Azkoitiko AEK-koak igo dira oholtzara. Azkoitiarrek eskerrak eman dizkie pailazoei, eta gogorarazi dute aurten Korrikak Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko dituela urtarrilaren 7an.

Kuikui ikuskizunean, pailazoek euskarari eutsi nahi izan diote, Aitorren eta Mariren hizkuntza zaharrari arnas bideak topatzeko asmoz. Pailazoek txoriak direla amestu zuten, eta munduari kuikui esan zioten. Batzuek kuku, besteek piui, kerrek... eta beleak kra! Pailazoek, ordea, kuikui esaten dute, Marimototsek erakutsita. Izan ere, Marimototsek amalurra txoriek bezala ikusten eta begiratzen lagundu die Pirritxi eta Porrotxi.

Ikuskizunean plastikoz betetako itsasoak ikusi ahal izan dira Txo Mikmak txikiaren, balearen eta urpean hegan dabilen pinguinoaren begietatik. Era berean, Tider migranteak Afrikatik Baionara iritsi nahiko du, baina Txilipitok debekatu dio; gauez hegan egiten duen Ontzak lagunduta bere helburua lortzen saiatuko da. Ilargi baserritarra eta Margarita Oiloa ere ikusi ahal izan dira saltoka hegan ikuskizunean. Azken horrek koloretako arrautza berezia errungo du. Txitakolorea jaioko da, Kuikui, munduari kolorea eta adorea emango diona. Pailazoek ere kuikui txorrotxioa egingo diote munduari, euskaratik eta euskaraz, munduko txorrotxioen sinfonian... Kui Kuikui.

(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide