Urtea amaitzera doanez, ohiko modura, lizentziak berritzeko epea zabaldu du Jokin Ormaetxea txirrindulari elkarteak. Urte honetan bezala, hurrengoan ere formatu digitala izango du lizentziak. Beraz, helbide elektronikoak eguneratuta izan behar dira, tramitea egin ostean, hara bidaliko direlako lizentziak.
Txirrindulari elkateak jakinarazi duenez, aurtengoan bazkide kuota kentzea erabaki dute: "Aseguru etxeen eta federazioaren lapurretak ikusita, elkarteak esfortzua egin eta bazkide kuota kentzea erabaki du", azaldu dute. Beraz, 2022ko lizentziek 160 euroko prezioa izango dute. Orainketa banketxe bidez egin beharko da, behin lizentziak tramitatzean.
Lizentzien eskaerak egiteko epea urtarrilaren 10ean amaituko da. Eskaera guztiak helbide elektroniko bidez egin beharko dira, eta mezuan NAN agiriaren kopia bat bidali beharko da, lizentzia berritze kasuak baldin badira. Epez kanpo, ez dute eskaerarik onartuko.