Hainbat hilabetez lanean aritu ostean, prest da dagoeneko Andre Mariaren Jasokundeko parrokiako Jaiotza, eta gaur, osteguna, egingo dute inaugurazio ekitaldia, 19:00etan. Parrokiako taldeak adierazi duenez, bertan izango da parrokiako abesbatza ere, eta, horrez gain, katekesiko umeek Din Dan Don abestia kantatuko dute. Halere, herritar guztiei zabaldu diete bertan parte hartzeko aukera; horretarako, 18:30ean agertu beharko dute hara.
Bestalde, inaugurazio ekitaldira joan ezin duten haurrei etxean abesteko deia egin diete: "Badakigu haur asko konfinatuta daudela, eta ezingo dutela inaugurazioan egon. Hori dela eta, beraien etxeko Jaiotzaren aurrean jarri eta Din Dan Don abesteko eskatzen diegu, denok batera Eguberri jaiei hasiera eman diezaiogun".