Banatzen hasi bezain pronto agortu dira 'Herri txiki, infernu handi' ETB1eko saioaren grabaketarako gonbidapenak. Azkoitiko Udalak gaur, ostirala, banatu ditu bakarrizketa saioaren grabaziora joateko gonbidapenak Kontzejupean, eta 11:00etarako ilara luzeak sortu dira plazan. Izan ere, orduan ireki dute mahaia, eta bost minutu eskasean agortu dira guztiak. Bakoitzak, gehienez, lau gonbidapen hartu ahal izan ditu. Bakarrizketa saioaren grabazioa, berriz, abenduak 23an egingo dute, 20:00etan, Gurea pilotalekuan, Mikel Pagadizabal eta Zuhaitz Gurrutxaga telebista saioko aurkezleekin.
Joan den astean Azkoitian izan zen ETB1eko 'Herri txiki, infernu handi' telebista saioa, zenbait herritarrekin elkarrizketak grabatzen.