Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) urrezko Bikain ziurtagiria jaso zuen atzo, asteartea, Gasteizko Europa jauregian egindako ekitaldian. Orotara, 27 entitatek jaso dute aurten euskararen kalitate ziurtagiria; 11 publikok eta hamasei pribatuk. Horietatik hamabik goiko mailako urrezko Bikain egiaztatu dute, hamalauk zilarrezkoa eta batek oinarrizkoa.
Urrezko ziurtagiria jaso duten entitateen artean da UKTk, eta atzoko ekitaldian Gorka Zabaleta UKTko zuzendari nagusiak jaso zuen egiaztagiria, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eskutik.
Ez zen, baina, UKT izan Bikain ziurtagiria eskuratu zuen eskualdeko entitate bakarra; izan ere, Zumaiako Udalak urrezko Bikain egiaztagiria jaso zuen, eta Azpeitiko Biele enpresak, berriz, zilarrezkoa.
Ekitaldian lehendakariak azaldu zuenez, gizartearen erronka handienetakoa da euskara jarduera ekonomikoan kudeatzea eta erabiltzea. “Lan munduaren talaiatik begira, euskarak badu zer emana kudeaketa aurreratuan, gizarte erantzukizunean, hizkuntzen kudeaketan, kalitatean. Herritarrei euskaraz zerbitzua ematea da lehen pausoa, eta lana euskaraz egitea bigarrena. Bigarrenak lehena osatzen eta garatzen du”.
Zupiriak, berriz, lan munduak euskararen ezagutzan eta erabileran “eragin aktiboa” izan dezakeela azaldu zuen. “Entitateak edo enpresak jarrera proaktiboa izan dezake euskararen alde, eta sekulako ekarpena egin dezakete euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa sustatzeko bidean. Lan munduan euskara sustatzeak onurak ekarriko dizkio eremu sozioekonomikoari, baita euskarari ere”.
Hamahirugarren ekinaldia
Eusko Jaurlaritzak lan munduan euskararen erabilera sustatzeko sortu zituen Bikain ziurtagiriak duela hamahiru urte. Zehazki, esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza kudeaketaren normalizazio maila egiaztatzeko eta aitortzeko. Ordutik, ziurtagiria eskuratzeko prozesua eta ebaluazioa gainditzen duten askotariko sektoreetako erakunde publiko zein pribatuek jaso dituzte Bikain egiaztagiria, eta entitate horietako batzuk Urola Kostakoak dira.