Elosuako errepideko bide zati bat itxita dago luiziagatik

Andoni Elduaien 2021ko abe. 14a, 15:03

Lur jausia, errepidearen gainean. (Argazkiak eta bideoa: I. Zubeldia)

"Neurri handiko lur jausia" gertatu zen joan den ostiralean Elosuan, eta azken egunak garbiketa lanetan igaro dituzte errepidean. Elosuako auzo batzordeko kideen esanetan, "laster" zabalduko dute errepidea.

Elosuako errepide zati bat itxita dago luiziagatik joan den ostiralaz geroztik. Elosuako auzo batzordeak Maxixatzen.eus-i jakinarazi dionaren arabera, "neurri handiko lur jausia" izan zen ostiralean Gorlatik Bergarara (Gipuzkoa) doan errepidearen hasieran, GI-3750 errepideko 11 eta 12 kilometroen artean. Hori dela eta, errepidea itxi behar izan zuten auzoan, eta oraindik ez dute zabaldu.

Azken hiru-lau egunetan luiziaren ondorioz mugitutako lur, haitz eta zuhaitz zatiak errepidetik kentzeko lanetan aritu dira, baina oraindik itxita jarraituko du errepideak. Azken egunetan luizia izan den gunean lanean aritu dira Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariak. Hasiera batean errepide gaineko lur zatia erortzeko arriskua zegoela ikusi zuten, eta haren gainean lanak egin beharko zituztela ere mahai gainean izan zuten. Halere, momentuz mendi magala bere horretan uztea erabaki dute.

Errepidea garbitu dute ia bere osotasunean, eta Elosuako auzo batzordeko kideek uste dute "laster" irekitzeko moduan izengo direla.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide