Anaitasunaren lehen bi talde nagusiek ezin izan dute irabazi asteburuan. Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak puntua urratu (1-1) zuen azken unean atzo, Barakaldon (Bizkaia). Mutilek ere berdindu egin dute (0-0) gaur, igandea, Deportivo Alaves B taldearen aurka, Txerloian.
Bisitariek izan dute lehen abagunea arratsaldean Txerloian, baina Remenek eskua ondo luzatuta erantzun dio erremateari. Ander Arabaolazak ere izan du berea, Anaitasunak zelai erdian berreskuratutako baloi baten ondoren. Bi gol aukera horiek izan dira arratsaldeko nabarmenenak; izan ere, partida parekatua jokatu dute Anaitasunak eta Deportivo Alaves B taldeek Azkoitian. Hala eta guztiz ere, Anaitasuna aurkaria baino hobeagoa izan da lehen zatian kokapenari dagokionez, eta baloi solteak jasotzerakoan gasteiztarrak baino finago aritu da.
Bigarren zatian, Alavesek gehiago estutu du Anaitasuna, baina hasieran izan da bakarrik. 56. minutuan, babazorroek area txikira egindako errematean Remenek ekidin du bisitarien gola. Minutuek aurrera egin ahala, Anaitasunak metro batzuk aurrera egitea lortu du, eta aurkariaren area ere zapaldu du. Esaterako, Axik area barruan egindako jaurtiketan baloiak Ander aurrelariaren aurka jo du, zuzenean atera zihoanean. Ez talde batek eta ez besteak ez du aurkako taldeko atezaina estuasun larrietan jarri, eta hori horrela, puntu banaketa justua egin dute Txerloian.
29 punturekin, sailkapeneko zortzigarrena da orain Anaitasuna. Hurrengo jardunaldian, Ondarroara (Bizkaia) egingo dute bidaia Xabi Artetxeren mutilek. Sailkapeneko beheko postuetan dagoen Aurrera Ondarroa izango dute aurrean larunbatean, 12:15ean, Ondarroako Zaldupe zelaian.
Berdinketa, Barakaldon
Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak, bestalde, bana berdindu zuen atzo, larunbata, Barakaldoko (Bizkaia) Serralta zelaian. Pauldarrak taldearen aurka aritu ziren gorrixek. Etxeko taldeak 11. minutuan hartu zuen aurrea markagailuan. Anaitasunako nesken aldaratze kaskar bat baliatu zuten bizkaitarrek gola egiteko.
Ordutik aurrera, ordea, Anaitasunak izan zituen abagune garbienak. 18 eta 38. minutuetan bi aukera on sortu zituzten gorrixek, baina Maiderrek eta Libek ez zuten asmatu ate aurrean. Bigarren zatian ere aukera dezente sortu zituen Anaitasunak, eta azkenean, 86. minutuan, Maider Badiola aurrelaria izan zen neurketa berdintzeko gola egin zuena. Hala eta guztiz ere, garaipena esku eskura izan zuten azkoitiarrek azken hondarrean; izan ere, 90. minutua beteta zela Eneritz Garatek gora jaurti zuen baloia atearen aurrean.
Anaitasunako neskek lau onenen artean jarraitzen dute, 24 punturekin. Datorren astean, Erandioko Betiko Neskak taldearekin neurtuko ditu indarrak Gorka Zubizarreta entrenatzailearen taldeak; sailkapenean hurbil du Anaitasunak Bizkaiko taldea.