Oleta gainean lau aerosorgailu edo haize errota jartzeko prozedura abiatu du Green Capital Development 65 SLU enpresak. Azkoitiko Udalak Maxixatzen.eus-i azaldu dionez, azaroaren erdialdean izan zuen udalak proiektuaren berri, eta azaroaren 25ean udalak egin zuen lurralde batzordean mahaigaineratu zuten gaia.
Azaroan, Green Capital Development 65 SLU enpresako bi ordezkari izan ziren udaletxean, gune haizetsuen inguruan enpresak egin duen azterketa azaltzeko. Guztira, lau haize errota jartzeko asmoa du enpresak Oleta mendigunean, eta horietako bat Azkoitiko lurretan jarri nahi dute. Gainerako hiru gailuak Zumarragako zatian kokatuko lituzkete. Proiektuan 18 MW-ko potentzia gordina instalatzea aurreikusi dute.
Enpresak dagoeneko aurkeztu du Azkoitian, Urretxun eta Zumarragan dagoen Buruzai parke eolikorako aurretiazko administrazio baimenaren eskaera Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean. Hain zuzen ere, parke eolikoaren bidez energia eolikotik energia elektrikoa ekoizteko instalazioa baimentzea eskatu du enpresak. Erakundeak, gainera, argitaratu du iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA). Behin hori eginda, ingurumen inpaktuaren prozedura abiatuko dute.