Azkoitiko Gazteria sailak, Zubiaurre Elkargunearekin batera, Gabonetarako ekintzak jakinarazi ditu. Abenduaren 27tik urtarrilaren 4ra bitartean askotariko ekintzak egingo dituzte Elkargunean, besteak beste, haurrentzako Gabon parkea, tailerrak, kirol saioak eta ikuskizunak. Dagoeneko eman daiteke izena tailerretan eta kirol saioetan parte hartzeko; Elkargunearen webgunean online egin beharko da izen-ematea, abenduaren 19a baino lehen.
Gabon parkea
Abenduaren 28an, 29an eta 30ean zabalduko dute aurten haurrentzako Gabonetako parkea, eta egunak lau ordutegitan banatuko dituzte. 11:00etatik 13:00etara, 16:00etatik 17:50era eta 18:10etik 20:00etara 12 urte arteko edozein umek bisitatu ahalko du parkea; bi euroko sarrera ordaindu beharko da ordutegi horietan. 15:00etatik 16:00etara, aldiz, aniztasun funtzionala duten haurrek izango dute lehentasuna gunean; sarrera euro bat ordaindu beharko da orduan.
Tailerrak
Tailerrak eta kirol saioak ere egingo dituzte Elkargunean. Abenduaren 27tik 30era artean Kodeka robotikako tailerrak egingo dituzte maila desberdinetan ikasten ari diren haurrentzat. Alde batetik, LH3 eta LH6 mailetako ikasleentzako saioak prestatuko dituzte, eta bestetik, DBH1 eta DBH4 mailetakoentzat; 09:30etik 13:30era bitartean izango dira bi taldeentzako saioak. Kodeka Roblox bideo-jokoen diseinuaren tailerra ere antolatuko dute Elkargunean LH3 eta LH6 mailetako ikasleentzat; saio horiek ere 09:30etik 13:30era bitartean izango dira.
Marrazketari eta arteari lotutako saioak ere egingo dituzte Gabonetan Elkargunean. LH4 eta LH6 adin tarteko neska-mutilek, esaterako, marrazketa artistikoaren eta komiki nahiz manga marrazketaren tailerrak izango dituzte; azken tailer hori DBH1 eta DBH4 mailetako ikasleei ere zuzenduko diete. Gabonetako arte txokoan ere izena eman ahal izango dute LH4 eta DBH2 mailen arteko ikasleek ere. Saio guztiak 10:00etatik 13:00etara bitartean izango dira.
Kirol saioak
16 eta 26 urte bitarteko gazteentzat kirol saioak ere antolatu ditu Gazteriak. Hain zuzen ere, cycling, total training, muskulazio eta eskalada saioak egingo dituzte. Doako ekintzak dira lau kirol eskaintzak, baina plaza kopurua mugatuta izango dute. Abenduaren 27an egingo dute cycling saioa, 10:00etatik 11:00etara. Abenduaren 28an izango da muskulazio saioa, honako hiru ordutegi hauetan: 10:00etatik 11:00etara, 11:00etatik 12:00etara eta 12:00etatik 13:00etara.
Total training saioa, aldiz, abenduaren 29an izango da, honako bi ordutegi hauetan: 10:00etatik 11:00etara eta 11:00etatik 12:00etarako bi saioetan. Abenduaren 30ean, azkenik, eskalada saioa egiteko aukera egongo da Elkargunean, 10:00etatik 11:30era eta 11:30etik 13:00etara.
Familientzako ikuskizunak
Urtarrilean sartzearekin batera, familientzako ikuskizunak eskainiko dituzte Elkarguneko kantxa nagusian. Urtarrilaren 3an, Erre Produkzioaken Magiclown ikuskizuna izango da, 17:00etan. Urtarrilaren 4an, aldiz, Ameztu Produkzioaken Organik antzezlana izango da Elkargunean, 17:00etan. Bi ikuskizunak doakoak izango dira, baina plaza kopuru mugatua izango dituzte.