Atzo, ostirala, aitortza egin zien Odol Emaileen Elkarteak Azkoitiko odol emaileei. Elkarguneko Herriko plaza aretoan elkartu ziren 19:30ean, eta orduan ekin zioten aitortza ekitaldiko hitzartzeari odol emaileen elkarteko ordezkariek eta Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak. Ondoren egin zuten oroigarri banaketa. Guztira, 62 gizon-emakume saritu ditu elkarteak aurten. Odola 25 aldiz eman duten 28 gizon-emakumek, 40 aldiz eman duten lau emakumek, 50 aldiz eman duten 11 gizonezkoek, 60 aldiz eman duten zazpi emakumek, 75 aldiz eman duten lau gizonezkok eta 80 aldiz eman duen emakumek batek, 100 aldiz eman duten lau gizonek, 125 aldiz eman duten bi gizonek eta 150 aldiz eman duen gizon batek jaso zuten aitortza atzokoan. Guztiek txalo artean jaso zituzten oroigarriak, baina aitortza berezia egin zioten Jesus Mari Aranbarriri, hark 150 aldiz eman baitu odola.
Xalome Uria, Rikardo Iriondo, Juanjo Ruiz de Azua, Mikel Arregi eta Luis Arregi Ispisuk osatzen dute Azkoitiko Odol Emaile Elkarteko boluntario taldea.
Azkoitia, "eredu"
Herriko odol emaileei nahiz Azkoitiko Udalari eskerrak emanez hasi zuten ekitaldia Odol Emaileen Elkarteko kideek, eta gogora ekarri zituzten, pandemia tarteko, azken urteetan izan dituzten zailtasunak: "Beste urtetan Urola Kosta osatzen dugun hamar elkarte biltzen ginen, eta meza eta bazkaria egiten genituen odol emaileen eguna ospatzeko. Xamorro honek, baina, bizitza erabat baldintzatu digu. Egoera berriaren aurrean, garbi genuen odol ateraldiak egiten jarraitu nahi bagenuen, lehengo aretoak ez zituela betetazen egoera berriak eskatzen zituen baldintzak. Irtenbidea aurkitu ezinik genbiltzala, alkateak deitu zigun, Elkarguneko aretoa eskainiz. Orduan piztu zitzaigun argia. Orduz geroztik, hemen egiten dira odol ateraldiak, eta aurrerantzean hemen egiten jarraituko dugu".
Era berean, elkarteko kideek Azkoitia odol ateraldi kontuetan "eredu" dela azaldu zuten, eta hainbat daturen berri emateko aprobetxatu zuten hitzartzea: "Azken urtean, Gipuzkoan %30 odol gutxiago eman zen. Gu, aldiz, inoiz eman den kopururik handienaren pare gelditu ginen. Arrazoia zein den? Eskoletako eta enpresetako irteerak bertan behera gelditu zirenez, eta guk areto egokia eta odol emaile nahikoa izanda, ateraldi gehiago egiteko aukera izan genuen. Azkoitian, gaur egun, 790 odol emaile ditugu. Esaten dute biztanleen %3 nahikoa litzatekeela gaixoen beharrak osatzeko. Guk %8a gainditzen dugu. Urtean zehar, 17 ateraldi egiten dira. Odol emate kontuetan, Azkoitia eredu bezala jartzen dute sarritan. Gure ustez horren arrazoiak bi dira: batetik, izugarrizko babesa dugula udalaren partetik, baliabide egokiak ematen dizkigulako; eta, bestetik, zuek, odol emaileak". Horren harira, odol emaileen borondatea txalotu zuten odol emaileen elkarteko kideek: "Gaixoekiko erakusten duzuen borondate paregabeagatik, eskerrak. Harrokeriarik gabe, baina harro sentitzeko giza-taldea zarete. Denera, 2.738 odol poltsa eman dituzue azken urtean. Pentsa horrekin zenbat gaixori luzatuko zitzaien bizia. Jarraitu bizia, odola, ematen".
Javier Zubizarreta alkateak ere esker hitzak izan zituen atzokoan. Alde batetik, gogoan izan zituen odol ateraldiak prestatzeko lanean aritzen diren boluntarioak, eta haien lana txalotu nahi izan zuen. Bestetik, odol emaileei eskerrak eman zizkien. "Bizitza ematen duzue, osasuna, nolako eskerrak eman behar zaizkizue zuei? Ez dago hitzik hori eskertzeko, baina eskerrak eman beharra dago", esan duen alkateak, eta alkate bezala "harro" sentitzen dela esanez amaitu zuen hitzartzea: "Alkate bezala, oso harro sentitzen naiz hainbeste odol emaile daudela jakinda eta gure herrian horrenbeste odol ematen dela ikusita. Bihotzez zoriontzen zaituztet, jarraitu horrela".