Hiru egunetan 27 positibo zenbatu dituzte herrian

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 25a, 15:01

550,78koa da Azkoitiko intzidentzia tasa.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 550,78koa da hamalau eguneko 100.000 biztanleko Azkoitiko intzidentzia tasa. Azken zazpi egunetan, 45 positibo atzeman ditu Osakidetzak herrian.

COVID-19aren pandemiaren egoera erabat irauli da egun gutxitan, eta eskualdeko zenbait herriren egoera da horren erakusleetako bat. Izan ere, egun gutxian herria eremu gorrian sartu eta intzidentzia tasa igo egin da. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 550,78koa da hamalau eguneko 100.000 biztanleko Azkoitiko intzidentzia tasa; astelehenean baino altuagoa da, orduan 342,15ekoa zen eta.

Egunez eguneko positiboak hazten ari dira azkenaldian herrian; izan ere, astelehenetik atzora bitartean, 27 lagunek eman dute positibo PCR eta antigeno probetan –astelehenean bost, asteartean hamahiru eta atzo bederatzi–. Azken astebeteko positiboen zenbatekoa aurreko asteetakoa baino altuagoa da: zehazki, azken zazpi egunetan, 45 positibo atzeman ditu Osakidetzak Azkoitian.

249 positibo Urola Kostan

Eskualdean ere gora egin du positiboen kopuruak. Astelehenaz geroztik, 249 positibo zenbatu dituzte Urola Kostako herrietan, eta uneotan eskualdeko 11 herriak daude eremu gorrian. Azpeitiko egoera da okerrena; izan ere, 1.636koa hango intzidentzia tasa eta azken hiru egunetan 95 positibo hauteman dituzte. Zarauzko egoera ere ez da askoz hobea, baina intzidentzia tasa Azpeitikoa baino baxuagoa da han, 762,41ekoa hain zuzen; azken hiru egunotan 63 positibo baieztatu dituzte. Zumaian ere ugaritu egin dira kasu berriak. Astelehenaz geroztik, 21 izan dituzte han, eta 447,75eko intzidentzia tasa dute.

Orion, aldiz, hamabi positibo hauteman dituzte hiru egunotan, eta 570,78koa da tasa; Zestoan 11 kasu izan dituzte, eta 462,25ekoa da tasa; Getarian, bederatzi kasurekin, 1024,73koa da tasa; Aian bost positibo zenbatu dituzte eta 1712,82koa da tasa; Aizarnazabalen, lau kasurekin, 1.170,35ekoa da tasa; Errezilen bi kasu izan dituzte eta 966,18; eta Beizaman, kasu berririk atzeman ez duten arren, 806,45ekoa da tasa.

ZIUetan 36 lagun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 2.618 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno probetan. Horrek esan nahi du ikaragarri ari dela hazten positibo berrien kopurua, joan den osteguneko txostenean 1.652 baitziren azken hiru egunetako positiboak. Soilik atzo 950 kasu atzeman zituzten. Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan egoera ere okerrera doa pixkanaka-pixkanaka. Duela astebete 30 lagun zeuden Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), eta 36 dira gaur. Eta beste horrenbeste gertatzen ari da ospitaleratuta dauden herritarren kopuruarekin. Duela astebete 114 lagun ziren, eta 179 dira gaur.

150etik gorako intzidentzia tasa duten udalerriek urriaren 6ko dekretuak zehazten dituen segurtasun eta babes neurriak zorrotz bete beharko dituztela iragarri zuen asteartean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, eta horiek betetzen direla bermatu ezin den kasuetan, programatutako ekitaldiak bertan behera utzi beharko dituzte. Jaurlaritzak tokian tokiko udalengan utzia du egoera balioesteko eta erabakitzeko ardura.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide