Ana Carcamo (Donostia, 1965) Azkoitiko bizilagunak eta Xeye atletismo taldeko kideak maratoiko Espainiako Txapelketa irabazi du. Igandean jokatu ziren Espainiako maratoiko master kategoriakoen txapelketak Kanaria Handian, Maspalomaseko Maratoiaren lehen edizioaren barruan. Atleta azkoitiarrak 55 master kategoriako txapela lortu zuen, proba 03:58:37 denboran bukatuta. Txapela irabazteaz gain, 29. maratoia osatu du Carcamok, eta "oso pozik" dago.
Espainiako 55 master Maratoi Txapelketa irabazi zenuen igandean. Nola joan zen proba?
Lasterketa hasi aurretik, beldurrez nintzen korrika egiteko baldintzak ez zirelako oso onak: hezetasun handia zegoen eta goizeko zortziretarako hemeretzi graduko tenperatura zegoen. Gero, 25-27 gradutara igoko zela esanda zegoen, eta hala gertatu zen. Horrez gain, ibilbide guztia asfaltoa zen, eta ez zegoen itzal askorik. Nire estrategia lasai ateratzea izan zen, eta 27. kilometrora arte edo, nire erritmoan, indarrak gastatu gabe, egitea. 26-27 kilometro eginda nituenean, jendea beroagatik gaizki pasatzen ikusi nuen; kalanbreekin, deshidratatuta... Ni, ordea, ondo sentitzen nintzen, eta aurrera jo nuen. Errioxako emakume bat ikusi nuen, eta haren ondoan jarri eta zer moduz zihoan galdetu nion; hark "segi-segi, lasterketa zurea da", esan zidan. Hiru edo lau kilometro gelditzen ziren helmugarako, eta arrastaka bukatu behar banuen ere, dena eman beharra neukala pentsatu nuen. Halaxe, dena emanda helmugaratu nintzen. Sekulako poza hartu nuen Espainiako Txapelketa irabaztea lortu nuela ikusitakoan.
Beraz, urrezko domina lortuta pozik.
Oso-oso pozik nago. Beste txapelketa batzuk jokatu ditut, baina horrelako emaitzik ez dut lortu. Esaterako, orain dela urte batzuk, Europako Maratoi Txapelketa jokatu nuen Polonian, Poznaneko Maratoian, eta zortzigarren eginda, diploma lortu nuen. Orain, baina, urrezko domina irabazi dut, eta hori beste gauza bat da.
Espainiako txapelketa irabazita, Europakoa jokatzeko asmorik bai?
Hori guztia begiratu egin beharko dut. Orain, hiru astean edo hilabete batean, behintzat, lasai ibiliko naiz, entrenatzen jarraituko dut, baina ez diziplina edo programa zehatz bat jarraituz. Korrika egitera atera, eta ordutxo batez lasai ibiliko naiz. Laster, baina, datorren urteko proben egutegia antolatu beharko dut entrenatzailearekin.
29. maratoia izan da asteburuan egin duzuna. 30.a non egitea nahiko zenuke?
Kanpoan ez bada, Donostian egingo dut. Donostiako Maratoia hainbat alditan eginda dut; gertu dago eta ibilbidea oso ona da. Maratoiko denbora onena ere han daukat eginda. Ez da gauza bera proba batera etxean lo eginda joatea; etxetik deskantsatuago joaten da. Hala ere, gustatuko litzaidake udaberri aldera beste maratoi bat egitea.
Egindako maratoietatik bateren bat ba al duzu gogoan?
Erlojuari begiratu gabe egindako maratoi asko ditut gogoan, asko gozatzen dut horietan ere. Adibidez, asko gozatu nuen New Yorkeko Mataroian, han hiriburuko jende guztia kalera ateratzen da animatzera; Behobia-Donostia erraldoi bat da New Yorkekoa. Londreseko Maratoia ere ez daukat ahazteko, baina hura New Yorkekoa baino serioagoa da. Poloniako Poznaneko Maratoia ere izugarria izan zen, zazpi kilometroko laku bati bueltaka egin genuen ibilbidea, eta azkenerako, arbola bera zazpi bat aldiz ikusi nuen. Errepideko maratoiez gain, mendi maratoiak ere egin izan ditut: bi aldiz egin dut Aizkorrikoa, eta beste bitan Marimurumendi.
Zergatik maratoia?
Bi orduko entrenamentu luzeak egitea asko gustatzen zait. Horrez gain, maratoian egin beharreko lana ez da fisikoa bakarrik, buruak ere zeresan handia dauka, eta erakargarria egiten zait horregatik. Maratoian, momentu batean, 30-32. kilometroan edo, gorputzak zera esaten dizu: "Ea utzi dena, eta goazen etxera...". Une horretan, burugogorra izan behar da, eta zeure burua animatu behar duzu mantentzeko eta jarraitzeko. Azkenean, proba bukatzeko mezua buruak ematen dizu.
Beraz, bakarrizketa asko izaten duzu lasterka ari zarenean?
Bai, bai. Maspalomasen, esaterako, bukatzeko hamar kilometro falta zirenean, neure buruari hala esaten nion: "Segi aurrera, Azkoitia-Azpeitia eta buelta besterik ez zaizkizu gelditzen egiteko, eta hori berehala egingo duzu". Motibatzeko, nolabait, engainatu egiten dut neure burua.
Non entrenatzen duzu?
Goiztiarra naiz, oso goiz entrenatzen dut. Normalean, goizeko bostetarako entrenatzera ateratzen naiz. Azpeitia, Azkoitia eta Zumarraga arteko bidegorrian ibiltzen naiz. Saio luzeak egiteko, Zumarragarantz joaten naiz, harrobi aldera.
Zein duzu entrenatzailea?
Ana Casares dut entrenatzailea. Hark Espainiako errekorra-eta ditu eginda. Asko animatzen eta motibatzen nauen entrenatzailea da.
Nolatan hasi zinen korrika?
17 urterekin Ameriketako Estatu Batuetara joan nintzen ikastera, eta han jendea korrika ikusten nuen; garai hartan, footing egitea zegoen modan. Handik Euskal Herrira itzuli nintzenean, hemen ere jendea hasita zegoen korrika pixka bat egiten. Donostian Lilatoia antolatu zuten, eta hura izan zen egin nuen lehen proba. Fortuna taldean hasi nintzen, eta talde horrekin joan nintzen New Yorkeko maratoia egitera. Gero, Behobia-Donostia lasterketa ere hainbat alditan egin nuen, eta era horretan katigatu nintzen atletismora. Ondoren, Irunera joan nintzen bizitzera, eta BAT (Bidasoa Atletiko Taldea) taldera batu nintzen; krosetan eta pistan jardun nuen. Pistan Europako Txapelketan parte hartu nuen Eslovenian, 5.000 eta 10.000 metroko probetan. Orain, Azkoitian bizi naizenetik, Xeye taldean nabil. Eta 90 urte egin arte lasterka jarraitzeko asmoa dut, karrozeriak irauten badit behintzat!
Zer da zuretzako kirola egitea?
Asko gustatzen zait maratoirako prestatzeko aurreko lana; normalean, bi hilabete eta erdi lehenago hasten naiz. Horrez gain, kirola egindakoan aktiboago eta lanean konzentratuago sentitzen naiz.