Herritarrak ingurumenaz sentsibilizatzeko, erakusketa jarri du Urola Bizirik taldeak

Ane Olaizola 2021ko aza. 20a, 12:30

II. Natur Jardunaldien barruan zabaldu du taldeak argazki erakusketa, Kontzejupean. Gaur eta bihar eguerdian egongo da zabalik erakusketa, eta panelen bidez, ibaietan pilatzen den zaborraz, mendien egoeraz edota edukiontzien erabileraz ohartarazi nahi dute antolatzaileek.

Urola Bizirik natur taldeak antolatuta, II. Natur Jardunaldiak egiten ari dira egunotan Azkoitian eta Azpeitian, eta egitasmoaren barruan, argazki erakusketa zabaldu dute gaur, larunbata, Kontzejupean. Natura eta ingurumena ardatz hartuta, askotariko irudiekin osatu dute erakusketa, herritarrak, besteak beste, hondakinek eta kutsadurak ingurumenean duten eraginaz sentsibilizatu daitezen.

11 panelek osatzen dute erakusketa, eta bakoitzean gai bat landu dute, besteak beste, ibaietako zaborra, mendietako egoera, edukiontzien erabilera kaskarra eta kale edanaren ondorengo zaborra. 12:00etan zabaldu dute erakusketa, eta asko dira hura ikustera joaten ari direnak. 14:00ak arte egongo da zabalik erakusketa, eta bihar ere irekiko dute, ordutegi berarekin.

Asteazkenean, hasi ziren II. Natur Jardunaldiak, eta Aitor Larrañaga EHUko irakasle eta Biologian doktoreak Eukaliptoaren eragina gure lurretan hitzaldia eskaini zuen Elkargunean. Azaroaren 25ean, amaituko dira jardunaldiak; egun horretan, Lurgaia fundazioa eta Baso Biziak plataforma aurkeztuko dituzte Azpeitiko Azoka plazaren gaineko aretoan, 19:00etan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide