Udalak uda aurretik eta esperientzia pilotu gisa jarri zuen martxan Ttipi Ttapa proiektua. Egitasmoaren helburua da pertsonak, bereziki adinekoak direnak, jarduera fisikoa praktikatzera animatzea, eta bide batez, sozializatzen laguntzea une atsegin bat partekatuz. Finean, begiraleek lagunduta, taldean paseatzera ateratzea da proposamena. "Izandako harrera" ikusita, udalak, Kirol Orientazio Zerbitzuaren bidez, proiektua berrartu du Izarraitz Lanbide Heziketarekin, Plaza Ondo jubilatuen elkartearekin, Azkoitia Lagunkoiarekin, Caritasekin eta Gurutze Gorriarekin lankidetzan.
Sasoi berriko lehen irteera azaroaren 25ean egingo dute, eta parte hartzaileek zailtasun nahiz iraupen ezberdineko bi ibilbideren artean egin ahalko dute aukera. Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleak eta irakasleak izango dira begiraleak, eta ibilbide osoan zehar izango dute horien laguntza. Proiektuan parte hartzen duten taldeak txandaka arduratuko dira antolaketaz. Hilaren 25ean, 10:00etan egingo dute paseoa, Aizkibel liburutegi paretik abiatuta. Aurten, ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea; nahikoa izango da zehaztutako egunean eta orduan paseoaren abiapuntura gerturatzea.
Izen eta logo berria
Egitasmoari jarraipena emateko izena eta irudia sortu dituzte. 'Paxira' izenarekin ezagutuko da aurrerantzean proiektua. Logoa Izarraitz Lanbide Heziketako Mendekotasun egoeran dauden Pertsonen Arreta zikloko ikasleek diseinatu dute logoa. Zuria, gorria eta beltza erabili dituzte irudia garatzeko, eta txapela eta alpargata baten irudiak iradokitzen ditu logoak.