Retro Dantzen Kantabriako Txapelketa jokatu zuten larunbatean Torrelavegan (Espainia), eta Azpeitiko Dantzaki eskolako kideek hainbat sari eskuratu zuten bertan. Haien artean izan zen Juan Carlos Garcia azkoitiarra; Ines Izagirre bikotekide zuela, garaile izan ziren bachata eta salsa dantzetan, 50 eta 60 urte bitartekoen kategorian.
Horiez gain, akademiako beste hainbat dantzarik eskuratu zituzten dominak. 10 eta 14 urte artekoen mailan, Peru Segurola eta Libe Larrañaga hirugarren sailkatu ziren bachatan; kategoria berean, Peru Segurolak eta Maren Uriak hirugarren postua eskuratu zuten salsan. 14 eta 18 urte artekoetan, Julen Revuelta eta Gabrielle Machicao onenak izan ziren bachata eta salsa dantzetan. 18 eta 30 urte artekoetan, Aritz Fernandez eta Uxoa Ibarreta aurrenak izan ziren bachata eta salsa dantzetan. 40 eta 50 urte artekoen kategorian, berriz, lehen postua eskuratu zuten Peio Nuñok eta Eider Mendizabalek bachata eta salsa dantzetan.