Azkoitiko Udalak esleitu ditu herriko argiteria publikoa berritzeko lanak. Zazpi enpresek parte hartu dute lizitazio prozesuan, baina Tecuni S.A.U. enpresari esleitu dizkio udalak lanak. LED teknologiako ia 2.000 argi jarriko dituzte herrian, eta kontratuaren balioa 901.749,87 eurokoa da –BEZ barne–.
Hala eta guztiz ere, udalak argiteria publikoa berritzeko lanetarako 487.519 euroko dirulaguntza eskuratu zuen Eskualde Garapenerako Europako Funtsetatik. Udalaren arabera, argiteria publikoa berritzeko egingo den ahalegin ekonomikoa "handia" izango da, baina aurrezte energetikoa "esanguratsua" izango da.
Esleipendun enpresak zortzi hilabeteko epea izango du lanak exekutatzeko, nahiz eta ezarritako denborak Europako dirulaguntza epeen araberakoak ere badiren.