Puntu bakarrarekin konformatu behar izan du Anaitasunaren gizonen talde nagusiak Espainiako Hirugarren Mailako ligaren zortzigarren jardunaldian. Atzo, Txerloian, golik gabe amaitu zen Azkoitiko taldeak eta Tolosak jokaturiko gipuzkoarren arteko derbia.
Sailkapeneko hirugarrenak eta azkenaurrekoak neurtu zituzten indarrak atzokoan Txerloian, baina sailkapenean dagoen distantziak ez zuen isladarik izan markagailuan. Anaitasunarena izan zen jokoaren pisua eta baloiaren jabetza neurketaren zatirik handienean, baina gol aukera gutxiko partida izan zen.
26. minutukoa izan zen etxekoen aukerarik onena, baina Tolosako atezainak kornerrera desbideratu zuen Axi Ugarteren burukada. Gutxigatik errematerik gabe gelditu ziren bizpahiru erdiraketa on etorriko ziren hortik aurrera, baina askoz gehiago ez etxekoen partetik. Hain zuzen ere, neurketa osoko aukerarik garbiena Tolosak izango zuen 80. minutuan: kanpokoen jokalaria bakarrik gelditu zen Anaitasunaren atearen aurrean, baina bere jaurtiketak zutoinaren kontra jo zuen.
Horrenbestez, golik gabe eta talde bakoitzarentzat puntu bakarrarekin amaitu zen Anaitasunaren eta Tolosaren artekoa.