Iritsi da lehen garaipena Anaitasunaren emakumeen talde nagusiarentzat

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 10a, 09:11

Anaitasunaren emakumeen talde nagusia, artxiboko irudian. (Andoni Elduaien)

3 eta 0 nagusitu ziren gorritxoak Aurrera Vitoria B-ren kontra atzo Txerloian, Emakumezkoen Euskal Ligaren laugarren jardunaldian. Hirugarren Mailan, berriz, 0 eta 1 irabazi zuen gizonen taldea nagusiak Leioan.

Jardunaldia borobila izan da asteburu honetakoa Anaitasunaren futbol talde nagusientzat. Atzo arratsaldean, Emazkumezkoen Euskal Ligako taldeak 3 eta 0 irabazi zion Txerloian Aurrera Vitoria B taldeari, denboraldiko lehen garaipena eskuratuz; eta Leioan, azken txanpan sartutako gol bati esker beste hiru puntu batu zituen gizonen Espainiako Hirugarren Mailako taldeak.

Lehen bi jardunaldietan berdinketa bana lortuta eta aurreko asteburukoan atseden izan ostean hartu zuen atzo Anaitasunak Aurrera Vitoria B etxean. Gorka Zubizarretaren taldea nagusi izan zen neurketan, baina azkenera arte ezin izan zuen nagusitasun hori emaitzan adierazi. Lehen zatiaren erdi aldean, 25. minutuan, egin zuen 1 eta 0ekoa Oihane Uzinek, korner baten ondoren. Emaitza borobilduko zuten bi golak, ordea, ez ziren partidaren luzapenera arte etorriko: Maider eta Oihane Uzin, berriro, izan ziren golegileak. Aurretik, 60. minutuan, epaileak baliorik gabe utzi zuen Oihane Uzinen beste gol bat.

Laugarrena, azken txanpan

Espainiako Hirugarren Mailan, hiru punturekin itzuli zen Azkoitira Anaitasuna Leioatik, denboraldiko laugarren garaipena lortuta.

Neurketa parekatua jokatu ondoren, 88. minutuan Axi Ugartek sareratutako baloiari esker irabazi zuen Anaitasunak atzokoa. Korner baten ondoren, jokaldi nahasian eta alderatze bat baliatuta egin zuen gola Axik. Lehen zazpi jardunaldiak osatuta, lau garaipenekin, bi berdinketarekin eta porrot bakarrarekin, sailkapeneko hirugarren postuan dago Azkoitiko taldea, 14 punturekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide