Imanol Arizmendik Samanoko Lehen Sari Nagusia irabazi du

Nerea Uranga

Imanol Arizmendi.

Kantabrian (Espainia) jokatu zuen proba zapatuan txirrindulari azkoitiarrak. Probako azken itzulian hartu zien aurrean gainerako txirrindulariei Arizmendik.

Samanoko Lehen Sari Nagusia txirrindularitza proba irabazi du Imanol Arizmendi txirrindulari azkoitiarrak. Larunbatean jokatu zuten lasterketa Kantabrian (Espainia); 152 txirrindularik irten zuten eta, sei itzulitan banatuta, 86,6 kilometro osatu behar izan zituzten helmugara iritsi aurretik. Nahiko lasterketa gorabeheratsua izan zen, lehen itzulian txirrindulari asko erori egin ziren, eta probarako anbulantziarik gabe gelditu zirelako, bigarren itzulia hasterako lasterketa eten behar izan zuten antolatzaileek. Gero, berriro ekin zioten probari.

Arizmendik azkenengo itzulian hartu zien aurrea harekin zihoazen txirrindulariei, eta 27 segundoko aldea aterata irabazi zuen proba; bigarren Ignacio Merinok egin zuen eta hirugarren Jakes Gisasolak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide