Azken orduetan ere, kasu positiborik ez herrian

Anartz Izagirre 2021ko ira. 29a, 13:02

100eko langara gerturatu da herriko intzidentzia tasa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbatekoa, aldiz, eremu berdetik gero eta gertuago dago. Gaur-gaurkoz, 78,92koa da hiru lurralde horietako kasu metatuen tasa.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta Azkoitian ez dute kasu positiborik hauteman. Dagoeneko bost egun bete dira jarraian herrian kasu positibo bakar bat ere baieztatu ez dutenetik.

Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak behera egin du beste behin. 33 puntu jaitsi da atzoz geroztik zenbatekoa Azkoitian; izan ere, atzo 141,87koa zen intzidentzia atsa eta 108,49koa gaur. Herria eremu horian dagoen arren, gero eta gertuago du eremu berdea.

Eskualdean, guztira, bost kasu positibo hauteman dituzte. Gainera, bost positibo horietatik lau Azpeitian zenbatu dituzte, eta Aian bestea. Hala eta guztiz ere, behera egin dute bi herri horietako intzidentzia tasek. Aian 554,16koa da gaur-gaurkoz tasa metatua, eta Azpeitian, 164,26koa.

Urola Kostako gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman; horrenbestez, intzidentzia tasetan ez da gorakadarik egon. Azkoitiaz eta Azpeitiaz gain, 5.000 biztanletik gorako herrietatik beste bi daude eremu horian: Zarautz (111,36) eta Zumaia (61,06). Orio, berriz, eremu berdean dago, 48,92 baita hango tasa metatua. Beste herrietan honakoak dira intzidentzia tasak: Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen zero, Getarian 35,34 eta Zestoan 154,08.

%1,2ko positibotasun tasa

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, atzo, guztira, 9.231 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 112 izan ziren emaitza positiboa eman zutenak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien (43), eta, ondoren, Gipuzkoan (32), Nafarroan (23) eta Araban (hamahiru). Horrez gain, lurralde horietatik kanpoko pertsonak batek ere positibo eman zuen proban. Bestalde, positibotasun tasa %1,2 da lau lurraldeetan.

Ospitaleetan, berriz, 126 pertsona daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 39 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, aldiz, 42 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik hamar daude ZIUn. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak ia bost puntu egin du behera, eta egungo datua 78,92koa da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide