Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri dituen azken datuen arabera, Azkoitian atzo, astelehena, ez zuten kasu positiborik atzeman COVID-19a hautemateko egindako PCR eta antigeno testetan. Hori horrela, azken lau egun dira jarraian herrian kasu positiborik atzematen ez dutela. Halaber, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere behera egin du Azkoitian. Hamabost puntu jaitsi da atzoz geroztik, eta egun 141,87koa da zenbatekoa.
Urola Kosta eskualdean, ostera, sei kasu positibo baieztatu zituzten atzo. Aian –654,91ko intzidentzia tasa–, Azpeitian –170,83 tasarekin eremu horian– eta Zarautzen –124,21 tasarekin eremu horian– detektatu zituzten kasu positiboak; hain zuzen ere, bina herri bakoitzean.
Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute kasu positiborik hauteman, eta horrela daude udalerrietako intzidentzia tasak: Aizarnazabal –0–, Beizama –0–, Errezil –0–, Getaria –35,34–, Orio –81,54 tasarekin eremu horian–, Zestoa –154,08– eta Zumaia –61,06 tasarekin eremu horian–.
125 positibo Hegoaldean
Hego Euskal Herrian 8.968 proba egin zituzten atzo, eta 125 kasu positiboa atzeman zituzten Osasun Sailak eta Osasunbideak. Araban bederatzi kasu positibo detektatu dituzte, Bizkaian 53, Gipuzkoan 36, Nafarroan 25 eta lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean bi.
Ospitaleetan, aldiz, hobera egiten jarraitzen du egoerak apurka-apurka. COVID-19ak jotako hamabost lagun eraman zituzten atzo Osakidetzaren mendeko erietxeetara, eta guztira, 85 lagun daude gaur-gaurkoz ospitaleratuta, horietatik 39 ZIUetan. Nafarroan, aldiz, 38 lagun daude ospitaleratuta COVID-19aren ondorioz, horietatik 11 ZIUetan.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 83,74koa da egun; eremu horitik berdera igarotzeko 23 puntu besterik ez dituzte falta egun hiru lurralde horiek. Nafarroan, bestalde, bertan behera utziko dituzte datorren ostiralean COVID-19ari aurre egiteko egun indarrean dauden neurri murriztaile ia guztiak. Halere, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da oraindik toki itxietan. Aldiz, kirol ekitaldietako edukierak arintzea Espainiako Lurralde Arteko Osasun Batzordean onartu beharko dituzte, baita hezkuntzari lotutako beste zenbait neurri ere.