Kasu positiborik ez du hauteman Osasun Sailak herrian

Andoni Elduaien 2021ko ira. 23a, 12:58

Herriko intzidentzia tasa atzoko zenbateko berean mantendu da. Aldiz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 100eko langara hurbildu da. Urola Kosta eskualdean hiru kasu positibo zenbatu dituzte, azken hilabeteetako daturik baxuena da hori.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi emandako datuen arabera, atzo, asteazkena, ez zuten kasu positiborik atzeman Azkoitian. Azken hamalau egunetako 100.000 egunetako intzidentzia tasak, berriz, ez du gorabeherarik izan azken orduetan. Herriak eremu horian jarraitzen du 183,59ko kasu metatuen tasarekin.

Eskualdean ere kasu positiboek behera egin zuten atzo; izan ere, hiru kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak Urola Kostan: bi kasu hauteman dituzte Zarautzen eta bat Azpeitian. Halere, bi herrietako intzidentzia tasak behera egin du. 119,93ko intzidentzia tasa dute Zarautzen –124,21ekoa zen atzo– eta 223,39koa Azpeitian –236,53 zen atzo–. Azpeitiak du egun 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa altuena.

Urola Kostako intzidentzia tasarik altuena, ordea, Aiak du egun 957,18ko tasarekin. Aldiz, Azpeitian eta Zarautzen bezala, jaitsi egin da intzidentzia tasa Orion eta Zumaian ere. Orion 114,16tik 97,85era egin du behera, eta Zumaian 111,94tik 81,41era. Zestoan, berriz, intzidentzia 128,40an mantendu da. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian, ostera, hutsean dute intzidentzia tasa.

104 lagun ospitalean

Hego Euskal Herrian nabarmen ari da egiten hobera pandemia azken egunetan. Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak pandemia amaitutzat eman zuen atzo lurraldean; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, bestalde, beste bost puntu egin du behera, 104,06an kokatuz. Azken hiru lurralde horietan atzo, asteazkena, 120 kasu positibo atzeman zituzten. 23 positibo zenbatu zituzten Araban, 66 Bizkaian, 24 Gipuzkoan eta zazpi lurralde horietatik kanpo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6,827 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta hori horrela, %1,8ekoa da positibotasun tasa. Nafarroan, berriz, hemezortzi kasu detektatu zituzten 1.603 proba egin ostean, eta %1,1ekoa da positibotasun tasa.

Ospitaleetan egoera gero eta hobeagoa da. Osakidetzaren mendeko erietxeetan 104 lagun daude ospitaleratuta gaur-gaurkoz –atzo 28 lagun ospitaleratu zituzten–. Ospitaleratzeen inguruan gaur eman duen datua, gainera, irailaren 9az geroztik Osasun Sailak eman duen baxuena da. Halaber, ZIUetako okupazioa mantso, baina beherentzat doa. Egun 49 lagun daude larri gaixorik zaintza berezietan. Osasunbideak emandako datuen arabera, aldiz, 44 lagun daude Nafarroan erietxeetan eta hamahiru herritar ZIUn.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide