Osasun Sailak gaur eguerdian emandako datuen arabera, astelehenean hautemandako kasu positibo kopuru bera baieztatu zituzten atzo ere Azkoitian. Beste lau kasu detektatu dituzte herrian, baina 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak behera egin du: bezperako 191,94ko tasatik, 183,59ra jaitsi da.
Urola Kosta eskualdean, berriz, atzo 11 kasu positibo zenbatu zituzten. Herenegun baino lau kasu gehiago dira. Azkoitian zenbatu dituzte kasu gejien, eta haren ondotik Zarautzen. Han hiru positibo zenbatu zituzten atzo, eta kostaldeko herrian ere behera egin du intzidentzia tasak, 132,78tik 124,21era. Beste lau positiboak Azpeitian (2), Orion (1) eta Zumaian (1) atzeman zituzten. Azpeitian eta Zumaian bezperako tasa bera dute –236,53 Azpeitian, 111,94 Zumaian–; Orion, ordea, behera egin du kasu metatuen tasak, 130,46ko tasatik 114,16ra. Eskualdeko beste herrietan ez zuten atzo kasu positiborik izan.
155 positibo Hegoaldean
Eskualdean bezala, Hego Euskal Herrian ere gora egin du positiboen kopuruak. 155 kasu berri izan ziren atzo, astelehenean baino hamar gehiago. Araban 26 kasu hauteman zituzten, 63 Bizkaian, 40 Gipuzkoan eta 25 Nafarroan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi den lagun batek ere positibo eman zuen atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %1,9ko positibotasun tasa dute –4.381 proba egin zituzten atzo–; Nafarroan, aldiz, 1.854 proba eginda, tasa %1,3koa da –1.854 proba egin zituzten atzo–.
Ospitaleratuei dagokionez, Osakidetzaren menpeko erietxeetan 110 lagun daude ospitaleratuta; atzo beste 26 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19arekin lotutako gaixotasunekin. 49 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaletako ZIUetan, bezperan baino bat gutxiago. Nafarroan, berriz, 46 lagun daude ospitaleratua, hamahiru ZIUetan.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 100eko langatik gero eta hurbilago dago. Herenegundik atzora bitartean beste sei puntu egin zuen behera zenbatekoak, eta gaur-gaurkoz 109,29koa da hiru lurraldeetako kasu metatuen tasa. Kontuan hartu behar da, 60tik beherakoa bada intzidentzia tasa eremu berdean sartuko litzatekeela lurraldea. Horren aurrean, Jaurlaritzak urriaren hasierarako egungo neurri murriztaileak gehiago arintzea aurreikusi du.