Azken agur beroa jaso du gaur, asteartea, Juan Manuel Elorza Txanbolin musikari azkoitiarrak. Atzo zendu zen Azkoitian, 94 urte zituela, eta besteak beste, 50 urtez aritu zen Azkoitiko Udal Musika Bandaren zuzendari lanetan. 18:45erako herritar asko eta asko parrokian barruan ziren, baina, beste askok parrokiaren atarian itxaron diote, Azkoitiko Udal Musika Bandaren doinuekin batera iritsi baita Txanbolin eliz atarira.
Hileta elizkizunaren ondoren, nola ez, Udal Musika Bandak eta Txalkor txistulari taldeak musika doinuak eskaini dizkiote Txanbolini. Musika bandak Candido Beristain musikari zenak Elorzari egindako Txanbolin abestia eskaini du, eta gero, Txalkor txistulari taldeak eta musika bandak elkarrekin, Agur jaunak abestia jo dute. Amaieran, eliz atarian bildutako herritarrek txalo artean eman diote azken agurra musika maisu azkoitiarrari.