Bost kasu positibo zenbatu dituzte azken orduetan herrian

Andoni Elduaien 2021ko ira. 8a, 12:55

Azken kasu positiboekin, Azkoitia eremu laranjara hurbildu da berriz ere. Aldiz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak behera egin du berriz ere. Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %4aren bueltan kokatu zen atzo.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, Azkoitian beste bost kasu positibo zenbatu dituzte. Era berean, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gora egin du; atzo, asteartea, 267,04koa zela jakinarazi zuen Osasun Sailak, eta gaur, berriz, 283,74koa dela zehaztu du. Hori horrela, Azkoitia eremu laranjaren langara hurbildu da berriz ere.

Eskualdean, bestalde, hamasei kasu positibo zenbatu dituzte. Azkoitian bezala, Zarautzen ere bost kasu positibo zenbatu dituzte, eta han ere intzidentzia tasak puntu gutxi batzuk egin du gora, 111,36an kokatuz; bi herri horietan egin du gora soilik kasu metatuen tasak. Azpeitian eta Orion, aldiz, bi kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak. Azpeitiko intzidentzia tasa 203,68ra jaitsi da, eta Oriokoa 65,23an dago, atzoko zenbateko berean. Getarian eta Zumaian, berriz, positibo bana hauteman dute azken orduetan. 106,01ekoa da Getariako intzidentzia tasa, eta 193,34koa Zumaiakoa. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute positiborik atzeman.

Positibotasun tasa, %4aren bueltan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak atzo beste hamasei puntu egin zuen behera, eta hori horrela, egungo tasa 223,39koa da. 7.789 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian Osakidetzak eta Osasunbideak, eta 326 kasu positibo detektatu zituzten. 40 kasu positibo hauteman zituzten Araban, 130 Bizkaian, 99 Gipuzkoan, 53 Nafarroan eta lau positibo lurralde guzti horietatik kanpo bizi direnen artean. Positibotasun tasa %4,2koa izan zen Araban Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,1ekoa Nafarroan.

Ospitaleei dagokienez, berriz, Osasun Sailak jakinarazi du atzo 48 lagun ospitaleratu zituztela Osakidetzaren mendeko erietxeetan; egun 194 herritar daude ospitaleratuta. Zainketa berezia behar dutenak edo ZIUn dauden pertsonak, ostera, 60 dira, azken egunetako kopururik baxuena. Nafarroan, berriz, zazpi lagun ospitaleratu zituzten erietxeetan, eta egun 68 dira ospitalean gaixo dauden herritarrak. ZIUn, aldiz, 23 pertsona daude ospitaleratuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide