Iraurgi Berritzenen Turismo sailak antolatutako udako bisita gidatuek aurrera jarraitzen dute, eta aste honetan bi bisitaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Lehena, etzi, asteazkena, izango da: Azpeitia, Loiola, Azkoitia: mudejar artearen ibilbidea izenekoa. Andre Mariaren Jasokundeko parrokiatik hasita, Vicente Davila historialariaren gidaritzapean egingo dute saioa, eta herritarrek arte estilo horretaz gehiago jakiteko abagunea izango dute bertan. 10:00etan hasiko da, eta hiru orduko iraupena izango du.
Bigarren saioa, berriz, igandean izango da: Baldatik Loiolara, Iñigoren haurtzaroko dorretxeak izenburupean. Loiolako Ignazioren haurtzaroko dorretxeez gehiago jakiteko aukera edukiko dute bisitariek bertan. Andre Mariaren Jasokundearen parrokiatik abiatuko da bisita 11:00etan, eta bi orduko iraupena izango duen ibilbidea egingo dute. Loiolan amaituko da ibilaldia.
Bisitak doakoak izango dira, baina edukieraren muga tarteko horietara joan nahi dutenek aurrez erreserba egin beharko dute 943-15 18 78 telefonora deituta, eskualdeko turismo bulegora joanda (Loiola) edo i-loiola@urolaturismo.eus e-posta helbidera idatzita.